Frantziako poliziek Irati Tobar gazte independentista atxilotu dute eguerdian Donibane Lohizunen, Espainiako Auzutegi Nazionalaren euroagindu eskaerari erantzunez. Albistea jakin eta gero elkarretaratzea deitu dute gaur arratsalderako, 19:00etan, Henda...
Frantziako poliziek Irati Tobar gazte independentista atxilotu dute eguerdian Donibane Lohizunen, Espainiako Auzutegi Nazionalaren euroagindu eskaerari erantzunez. Albistea jakin eta gero elkarretaratzea deitu dute gaur arratsalderako, 19:00etan, Hendaiako Herriko Etxearen parean. Hendaian bizi den Portugaleteko gazteari elkartasuna adierazteaz gain, euroagindu prozedura guztiak bertan behera uzteko eskatuko dute.
Tobarrek berak eta Benat Lizeaga, Irati Tobar, Endika Perez, Jazint Ramirez, Aitziber Plazaola, Xalbador Ramirez, Aiala Zaldibar eta Bergoi Madernazek astebeteko itxialdia egin zuten otsailaren erdian Izpuran (Nafarroa Beherea), Espainiaratzeko arriskuaren aurrean, eta eragileei eta herritarrei babesa eskatu zieten. Gazteek iaz egin zuten ihes Ipar Euskal Herrira, Segi gazte erakundearen aurka egindako operazioaren ondoren. Itxialdia bukatu eta gutxira Tobar ez beste guztiak atxilotu zituzten. Portugaletearrak, eta Xabi Irigoien eta Iker Elissalde Beskoitze eta Hendaiako hautetsiek duela bi aste euroaginduen aurkako gose greba egin zuten bi astez Hendaiako Intzura auzoan.
Herriaren sustengua
Baraualdia amaitzearekin elkarretaratze jendetsua egin zuten hilaren 19an Errepublika plazan. Bidasoaren bi aldeetako alderdi politikoetako ordezkari ugari bildu ziren: Hendaiako udaletxeko ordezkari sozialistak, abertzaleak, komunistak, ekologistak, eta Front de Gauchekoak, ezker abertzaleko Irungo eta Hondarribiko zinegotziak, baita zenbait militante historiko ere. Herriko kultur eta gizarte eragile anitzetako ordezkari ere bertaratu ziren.