Lonjaren gaineko mahai ingurua antolatu dute
Lonja berriaren gaineko «zalantzak handiak eta garrantzitsuak» direla iritzita, San Pedron lonja berriaren proiektuaren jarraipena egiteko sortu zen batzordeak mahai ingurua antolatu du biharko. Hiru hizlari gonbidatu dituzte eztabaidara: Udalaren iz...
Lonja berriaren gaineko «zalantzak handiak eta garrantzitsuak» direla iritzita, San Pedron lonja berriaren proiektuaren jarraipena egiteko sortu zen batzordeak mahai ingurua antolatu du biharko. Hiru hizlari gonbidatu dituzte eztabaidara: Udalaren izenean Maider Ziganda alkatea izango da; Portu Agintaritzaren izenean, azpiegituretako ingeniarien buru David Candelariok parte hartuko du, eta, azkenik, Gipuzkoako arrain handizkarien elkarteko (Magespi) presidente Emiliano Sanchez izango da. Moderatzaile lonjako batzordeko kide bat arituko da. 19:30ean da mahai ingurua, Udal Aretoan.
Kudeaketa ereduaz kezka
Gai berberaren gainean batzar irekia izan zen lehengo asteazkenean. Han azaleratu ziren zalantzak argitze aldera antolatu dute gaurko eztabaida. Izan ere, kezka ugari sortu ditu proiektuak, bizilagunengan ez ezik, lonjako erabiltzaileengan ere bai.
Erabiltzaileek onartezintzat jo dituzte Portu Agintaritzak lonjaren kudeaketarako jarri dizkien baldintza ekonomikoak, eta publikoki esan dutenez, harremanak eten dituzte. Horrez gain, lanak bitartean aparkalekurako alternatibak zein diren ezagutu edota Zaerak epaitegian Portuaren kontra jarritako helegiteak proiektuan nola eragin dezakeen argitzeko aukera izango da.