2.500 zuhaitz landatu dituzte Zuhaitz Egunari esker
2010ean Hondarribian jaio ziren 157 haurrek larunbatean euren zuhaitza landatuko dute. 1994 urteaz geroztik ospatzen dute Zuhaitz Eguna Hondarribian eta 2.500 zuhaitz inguru landatu dituzte jada. Haur bakoitzak bere zuhaitza landatzeaz gain, liburuxka...
2010ean Hondarribian jaio ziren 157 haurrek larunbatean euren zuhaitza landatuko dute. 1994 urteaz geroztik ospatzen dute Zuhaitz Eguna Hondarribian eta 2.500 zuhaitz inguru landatu dituzte jada. Haur bakoitzak bere zuhaitza landatzeaz gain, liburuxka bat jasoko du opari, eta aurten zazpi urte bete dutenek ere, oparia izango dute: Gregorio berrotaranek, Landa zinegotziak egindako makila jasoko dute.
Hamazazpigarren edizio honetan, Karobizar inguruan landatuko dituzte zuhaitzak, iaz landatu zuten Oiamungo Gaina eta Artzu gunetik 100 metrotara. «Klimari egokituko diren zuhaitzak bilatzen ditugu, urte asko iraungo dutenak, eta hazte prozesu azkarra dutenak, haurrek euren garapena ikusi ahal izateko», azaldu du Berrotaran zinegotziak. Eneko, Julen, Beñat, June, Naroa eta Nora izan ziren iaz gehien jarri zituzten izenak.
Baserrien izenekin kaleak
Ekitaldia goizeko 11:00etan hasiko da eta kotxeak uzteko bi aparkaleku jarriko dituzte, Guadalupen eta Oiamungo Gainan. «Haurrak deitzen ditugu, euren zuhaitza ematen diegu eta gurasoekin batera prestatutako zuloetan landatzen dute» azaldu du Landa zinegotziak. Bertaratzen ez diren haurren zuhaitzak datorren astean landatuko dituzte. Aurten ere, kaleak Hondarribiko 300 baserrien izenekin egingo dituzte, eta izenaren ondoan baserriaren irudia jarriko dute, «landa munduan garai batean ezagutzen ziren txoko eta izenak gal ez daitezen egiten dugu», bukatu du Berrotaranek.