Hondakinen inguruko diagnosia Eskola Agenda 21en eskutik
eskola agenda 21
Beraun Berri, Cristobal Gamon,Koldo Mitxelena, Langaitz ikastola eta institutua, Orereta Ikastola eta San Jose Gurutzeko Alabak ikastetxeetako ikasleak hondakinen eta kontsumo ohituren inguruko kale ikerketa egiten ari dira.
Martxoaren bigarren hamabostaldian hasitako ikerketa, Eskolako Agenda 21 hezkuntza programaren baitan egiten ari dira “ikasturte honetan, eskola komunitatea osatzen duten eragileak hondakinak aztertzen ari direlako” azaldu dute arduradunek.
Eskolako diagnosia lehenik
Hondakinen gaia lantzeko garaian, herri diagnosia egin aurretik, eskolako diagnosia egin dute zazpi ikastetxeetako ikasleek eta horretarako, kalean aztertzen ari direnak landu dituzte lehenagotik ikastetxe bakoitzean.
Ondoren, Martxoa eta apirilean zehar Errenteria-Oreretako auzoak aztertu dituzte ikasleek eta biztanleen kontsumo ohiturak ikertzen hasi dira.
Hala, jasotako datu guztiekin, herriko hondakinen diagnosia egingo dute ikasleek. Horretarako eskola bakoitzak herriko eremu ezberdinak aztertu ditu Izadi 21 enpresak prestatutako galdetegi batzuen laguntzarekin: “batetik, biztanleen kontsumo ohiturei buruzko informazioa biltzeko galdetegia izan dute ikasleek eta bestetik, hondakineei dagokienez, kaleko egoera aztertzeko fitxa izan dute” azaldu dute arduradunek.
Hondakinen inguruko herri diagnosia osatzen dutenean, Hondakinen Ekintza Plana egitea izango da hurrengo urratsa. Ekintza plan horrek bi atal izango ditu: Lehenengoak, eskola bakoitzak hondakinen arloan bere buruari ezarritako helburuak eta ekintza zehatzak finkatuko ditu; bigarrenak, hondakinen kudeaketaren inguruan, eskolek udalari egindako hobekuntzarako proposamenak jasoko ditu.
Berrerabilpena eta murrizketa
Hondakinen azterketa egitearekin batera, ikasleek, berrerabilpena eta birziklapena bultzatzeko eta hainbat ikastaro eta irteera egin dituzte Agenda 21 programaren barruan.
Besteak beste, Papresa lantegira bisita egin dute eta bertan “paper birziklatuaren ekoizpenari buruzko azalpenak entzun eta papera bera egiteko prozesua ezagutzeko aukera izan dute ikasleek”, gaineratu dute arduradunek.