Badia biziberritzeko Madrilen gaur izenpetuko duten akordioa ez da denen gustukoa
«Foru Aldundiarentzat legegintzaldiko urratsik positiboena dena», bestela da Aralar eta EBrentzat. Pasaiako Portu Agintaritzak, Foru Aldundiak eta Madrilgo Sustapen Ministerioak badia biziberritzeko atzo sinatutako protokoloak erreakzioak errenkan ...
«Foru Aldundiarentzat legegintzaldiko urratsik positiboena dena», bestela da Aralar eta EBrentzat. Pasaiako Portu Agintaritzak, Foru Aldundiak eta Madrilgo Sustapen Ministerioak badia biziberritzeko atzo sinatutako protokoloak erreakzioak errenkan eragin ditu.
Aldundiak kanpo kaia eraiki ezean badia ez dagoela biziberritzea esan du beste behin, nahiz eta leheneratzeko lanari gehiago itxaron gabe ekin behar zaiola esan.
EBk eta Aralarrek, aldiz, bestelako iritzia dute. Aralarreko Rebeka Uberarentzako «hobe litzateke erakundeek kanpoko kaia baino, Pasaiaren biziberritzea lehenetsiko balute. «Negatibotzat» jo du hitzarmena, «akordioan biziberritzea aipatzen den arren, konpromiso zehatz bakarrak kaiaren eraikuntzari lotutakoak direlako».
EBren iritziz «EAJketa PSE-EEk azpiegitura erraldoien eredua inposatu nahi diete herritarrei, inguruan bizi diren bizilagunen iritzia kontuan hartu gabe». Hitzarmenak «Pasaiako biziberritzea baino, Oarsoaldearen egoera zaila betikotu egingo duela» iritzi diote.
Giporten batzarra
Kanpo kaiarekin lotuta, gaur, Giportek batzarra orokorra egingo du Donostiako Aquariumean, eta 12:00etan, hainbat enpresek kanpo kaira lekualdatzeko hitzarmena sinatuko dute. Ondoren, Gipuzkoako eredu intermodalaren gaineko hitzaldia eta kanpo kaiari buruzko mahai ingurua egingo dituzte.
Kanpo kaiaren gaineko solasaldian Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako Arantza Tapia, Eusko Jaurlaritzako Portuetako zuzendari Felix Asensio eta Portu Agintaritzako buru Miguel Buenek parte hartuko dute.