San Markoko igoera, maiatzaren 1ean
San Marko Egunarekin batera izaten da San Markoko Igoera; alegia, apirilaren 25aren bueltan. Aurten, ordea, inoiz baino beranduago antolatu du EAT Errenteriako Atletismo Taldeak, Aste Santua dela medio. Hala, maiatzaren 1arekin igoko dira korrikalariak...
San Marko Egunarekin batera izaten da San Markoko Igoera; alegia, apirilaren 25aren bueltan. Aurten, ordea, inoiz baino beranduago antolatu du EAT Errenteriako Atletismo Taldeak, Aste Santua dela medio. Hala, maiatzaren 1arekin igoko dira korrikalariak San Marko mendira.
Izena emateko, baina, ez da maiatzaren 1era arte itxaron beharko. Izan ere, aurretik eginez gero (apirilaren 29a baino lehen) lasterketa egunean bertan ematea baino merkeago ateratzen da, 8 euro. Egunean bertan eginez gero, 10 euro ordaindu beharko dira.
Aldez aurretik izena eman nahi duenak, beraz, Susperregi kirol dendatik (Iztieta auzoko Pasaia kalean) edota Pelukasen kioskotik (Zumardia) pasatu beharko du. Halaber, EATen webgunea ere erabil dezake horretarako.
Egunean bertan, 09:00etatik 10:00etara edukiko dute tartea apuntatzeko. Ordu erdi beranduago, 10:30ean, irtengo dira korrikalariak Herriko Enparantzatik, eta helmuga San Markon izango da, zementu pista eta asfalto gaineko 5.500 metroko ibilbidea egin ondoren.
Zerbitzuak
Korrikalarientzat hainbat zerbitzu izango dira lasterketa egunean. Hala, arropa irteera gunetik helmugaraino garraiatzeko zerbitzua izango da goizeko hamarretan.
Parte hartzaile guztiei gogorarazi diete proba aurretik mediku azterketa egitea komeni dela. Hala ere, nabarmendu dute kirolariek beregain beharko dituztela kirol jarduera horretatik eratorritako arrisku edota ondorioak.