Lezoko Mañontzi Bertso Eskolak urteak daramatza bertsolaritza herrian sustatzen eta lantzen. Bere horretan jarraituko dute datozen urteetan.
Horregatik, Lezoko Udalarekin hitzarmena sinatu dute berriro ere. Legegintzaldian sinatu duten bigarren hitzar...
Lezoko Mañontzi Bertso Eskolak urteak daramatza bertsolaritza herrian sustatzen eta lantzen. Bere horretan jarraituko dute datozen urteetan.
Horregatik, Lezoko Udalarekin hitzarmena sinatu dute berriro ere. Legegintzaldian sinatu duten bigarren hitzarmena da pasa den astean sinatu zutena. Lehena 2009ko abenduan sinatu zuten, baina orduan ez bezala, aurten Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kiderik ez da izan hitzarmena sinatzeko garaian.
Hala ere, bertsolaritzaren alde jarraituko dute lanean bai erakundeak baita elkarteak ere. Udalaren aldetik Haritz Salaberria alkateak sinatu zuen hitzarmena eta Mañontzo Bertso Elkartearen aldetik, berriz, Jon Etxebestek.
Hiru maila bertso eskolan
Bertso eskolak hiru maila izango ditu. 8 eta 11 urte bitarteko haurrena izango da bat. Gazteena, berriz, 12 eta 16 urtekoek osatzen dutena izango da. 17 urtetik aurrerakoak dira bertso eskolako helduen taldea osatzen dutenak. Lehenengo bi taldeetakoak Tomas Garbizu Musika Eskolan biltzen dira astero, eta helduak, berriz, ostiralero Ibai Ondon.
Horrela, Lezo Herri Eskolan eta Pasaia-Lezo Lizeoan egiten duten Gu ere bertsotan programa bertso eskolaren bitartez jarraitzeko “aukera paregabea” dutela gogorarazi dute sinatzaileek. Gainera, urtero goi mailako bertso saioak antolatzen dituzte Gezala Auditoriumean.
Bertsolaritzaz gain, beste hainbat esparru jorratzen dituzte Mañontzikoek: ahozkotasunaren garapena, hizkuntza aberastasunaren lanketa eta, adierazi dutenez, “euskarazko erreferente herritar interesgarriak sortzea”.