Antzerkiari eztena sartuko diote
Errenteria antzerkiaren plaza bilakatuko da asteburuan, Eztena jaialdiarekin. Mikelazulo kultur elkarteak antolatutako topaketetan, antzerkia oinarri duen egitaraua prestatu dute hiru egunetarako. Gaurtik hasi eta igandea bitartean, hitzaldiak eta antzerki saioak izango dira, besteak beste, herriko zenbait txokotan. Aurreko bi urteetako filosofiari eutsiko dio antzerki jaialdiak hirugarren aldi honetan ere: antzerkia eta arlo horretako proposamen berriak eskaintzea, eta, bide batez, mota guztietako adierazpenei —horien artean alternatiboei— tartea ematea. Horrenbestez, aurtengo egitarauak ere ildo horri jarraituko dio, lehenengo egunetik hasita. Gaur, Piezak sailaren txanda izango da. “Piezak sortzen ari diren lanen azalpena da; oraindik guztiz bukatuta ez dauden lanak dira, zirriborroak askotan, ideia solteak eta testuen zatiak. Bost taldetxo etorriko dira euren lanen lehen urrats horiek azaltzera”, jakinarazi du Ainara Gurrutxaga antolatzaileak. Modu horretara, ikusleek euren iritzia ematea da asmoa, eta sortzaileari pistak ematea lanarekin jarraitzeko. Piezak-ekin batera, etziko gosari-hitzaldia nabarmentzekoa da. Arantxa Iturbe kazetari eta idazleak, Pablo Barrio olerki idazleak, Manex Fuch aktore eta sortzaileak eta Borja Ruiz antzerki zuzendari eta aktoreak parte hartuko dute: “Euren sormen prozesuari buruz hitz egingo dute; batik bat, testuarekin zein harreman daukaten sormen prozesu horretan”. Jaialdia amaitzeko, otordua antolatu dute Ander Lipusekin eta Sustrai Colinarekin. Giro onean uztartuko dituzte bazkaria, antzerkia eta bertsolaritza, jardunaldien azken [...]
Errenteria antzerkiaren plaza bilakatuko da asteburuan, Eztena jaialdiarekin. Mikelazulo kultur elkarteak antolatutako topaketetan, antzerkia oinarri duen egitaraua prestatu dute hiru egunetarako. Gaurtik hasi eta igandea bitartean, hitzaldiak eta antzerki saioak izango dira, besteak beste, herriko zenbait txokotan.
Aurreko bi urteetako filosofiari eutsiko dio antzerki jaialdiak hirugarren aldi honetan ere: antzerkia eta arlo horretako proposamen berriak eskaintzea, eta, bide batez, mota guztietako adierazpenei —horien artean alternatiboei— tartea ematea.
Horrenbestez, aurtengo egitarauak ere ildo horri jarraituko dio, lehenengo egunetik hasita. Gaur, Piezak sailaren txanda izango da.
“Piezak sortzen ari diren lanen azalpena da; oraindik guztiz bukatuta ez dauden lanak dira, zirriborroak askotan, ideia solteak eta testuen zatiak. Bost taldetxo etorriko dira euren lanen lehen urrats horiek azaltzera”, jakinarazi du Ainara Gurrutxaga antolatzaileak. Modu horretara, ikusleek euren iritzia ematea da asmoa, eta sortzaileari pistak ematea lanarekin jarraitzeko.
Piezak-ekin batera, etziko gosari-hitzaldia nabarmentzekoa da. Arantxa Iturbe kazetari eta idazleak, Pablo Barrio olerki idazleak, Manex Fuch aktore eta sortzaileak eta Borja Ruiz antzerki zuzendari eta aktoreak parte hartuko dute: “Euren sormen prozesuari buruz hitz egingo dute; batik bat, testuarekin zein harreman daukaten sormen prozesu horretan”. Jaialdia amaitzeko, otordua antolatu dute Ander Lipusekin eta Sustrai Colinarekin. Giro onean uztartuko dituzte bazkaria, antzerkia eta bertsolaritza, jardunaldien azken egunean.
Oro har, antzerkia herrira ekartzea izan da, hasieratik, antolatzaileen helburuetako bat: “Antzerki pila bat egiten da, baina, proportzioan, horrek ez dauka islarik herrian”, iritzi dio antolatzaileak. Gurrutxaga bera Deja Bu antzerki taldeko kidea da, eta berak eta bere taldekideek harremana dute antzerki munduko jendearekin. Horiek herrira erakarri nahi zituzten, Euskal Herrian zein antzerki mota egiten den erakusteko.
Aurreko bi urteetan ikus-entzuleen erantzun ona jaso dute, eta aurten ere hala izatea espero dute. Hala ere, herritarrek, oro har, antzerkia ikusteko ohiturarik ez dutela onartu du Gurrutxagak: “Nahiz eta jendeak asko sortzen duen, eten egin da ikuslearenganako zubi hori, kultur politikengatik”. Horregatik, gauzak antolatzen dituztenak herritarrak izan behar dutela uste du. Zentzu horretan, gogorarazi du egitaraua ez dagoela zuzendua soilik antzerkiko espezialistei, baizik eta herritar guztiei.
Egitaraua
Gaur. Piezak, Mikelazulon, 19:00etatik aurrera: Zutani (Erika Olaizola), Por qué te vas (Patricia Franco /Espe Lopez), Arra Arraroa (Iñigo Ortega /Oier Guillan), Recuerdos (Judith Poves) eta Izarretako Bitakora (Mikel Martinez).
Bihar. 12:00etan, kale ekintza herriko kaleetan; 18:00etan, Edurne Agirrezabalaren Sarean zintzilikatuta, Xenpelar Etxean; 20:00etan, Badut konpainiaren Flamenquito eta Que par che konpainiaren Los Pardos klown ikuskizunak, Mikelazulon.
Etzi. 10:30ean, gosari tertulia Arantxa Iturbe idazlearekin, Borja Ruiz sortzailearekin, Pablo Barrio idazlearekin eta Manex Fuch aktorearekin; 14:00etan, Erregea eta bufoia banketean, Ander Lipus, Sustrai Colina eta Unai Elizasurekin, Txintxarrin.