Jaiak hasteko… pila, pila, patata tortilla
Iker Uranga gazteak irabazi du Mendibil Merkataritza Guneak antolatutako II. Patata Tortilla Lehiaketa, sanmartzialetako hasiera ofizialaren aurretik egin den ekitaldi arrakastatsuan. Atzo hasi ziren San Pedroren eta San Martzialen omenezko jaiak. Arratsaldeko zortziretan irakurri zuen Julian Iantzik agur ofiziala. Gero piztu zituzten suak, San Juan Harriaren plazakoa, lehenik, eta Urdanibia plazakoa, gero. Gaizki egindakoak ez errepikatzea, eta datozen festa egunak errespetuzkoak izatea, bi desio horiek nagusi izan ziren atzoko arrats umelan. Keinu on horiekin abiatu ziren, hortaz, 2011ko Irungo sanmartzialak. Aurretik, eguerdian, II. Patata Tortilla lehiaketa egin zuten Arizmendi Almirantearen plazan, Mendibil Merkataritza Zentroak antolatuta. «Jaiekin kolaboratu nahi genuen, eta aldi berean gure merkataritza bultzatu», horiek ziren Isabel Aller Mendibilgo zuzendariaren hitzetan ekimenaren helburuak. 140 lagunek parte hartu zuten, eta denek irabazi, denei eman baitzitzaien bi kilo patata eta dozena bat arrautza Mendibilgo azokan erosteko txartel bana. Aurten hamar urte bete ditu Merca-Irunek Mendibilen, eta lehiaketarekin kolaboratu nahi izan dute horrela. Txartelaz gain, egindako tortilla itzuli zitzaien parte hartzaileei sariduna izendatu eta gero, bazkaltzeko baliatu zezaten. Beno, denei ez zitzaien itzuli, Iker Uranga irundar gazteari behintzat ez. Berak irabazi zuen lehiaketa eta epaimahaikideek ez zuten bere plateran ia ezer utzi. Tipula ondo potxatu… Pozik, oso pozik agertu zen Uranga txapelketako irabazlea [...]
Iker Uranga gazteak irabazi du Mendibil Merkataritza Guneak antolatutako II. Patata Tortilla Lehiaketa, sanmartzialetako hasiera ofizialaren aurretik egin den ekitaldi arrakastatsuan.
Atzo hasi ziren San Pedroren eta San Martzialen omenezko jaiak. Arratsaldeko zortziretan irakurri zuen Julian Iantzik agur ofiziala. Gero piztu zituzten suak, San Juan Harriaren plazakoa, lehenik, eta Urdanibia plazakoa, gero. Gaizki egindakoak ez errepikatzea, eta datozen festa egunak errespetuzkoak izatea, bi desio horiek nagusi izan ziren atzoko arrats umelan. Keinu on horiekin abiatu ziren, hortaz, 2011ko Irungo sanmartzialak.
Aurretik, eguerdian, II. Patata Tortilla lehiaketa egin zuten Arizmendi Almirantearen plazan, Mendibil Merkataritza Zentroak antolatuta. «Jaiekin kolaboratu nahi genuen, eta aldi berean gure merkataritza bultzatu», horiek ziren Isabel Aller Mendibilgo zuzendariaren hitzetan ekimenaren helburuak. 140 lagunek parte hartu zuten, eta denek irabazi, denei eman baitzitzaien bi kilo patata eta dozena bat arrautza Mendibilgo azokan erosteko txartel bana. Aurten hamar urte bete ditu Merca-Irunek Mendibilen, eta lehiaketarekin kolaboratu nahi izan dute horrela.
Txartelaz gain, egindako tortilla itzuli zitzaien parte hartzaileei sariduna izendatu eta gero, bazkaltzeko baliatu zezaten. Beno, denei ez zitzaien itzuli, Iker Uranga irundar gazteari behintzat ez. Berak irabazi zuen lehiaketa eta epaimahaikideek ez zuten bere plateran ia ezer utzi.
Tipula ondo potxatu…
Pozik, oso pozik agertu zen Uranga txapelketako irabazlea 89. zenbakia izan zela jakin zuenean. «Inolaz ere ez nuen espero. Gustura geratu naiz tortillarekin, baina hori gauza bat da, eta irabaztea beste bat», esan zuen. Aurkezpenari dagokionez, esan zuen ez zitzaiola berak nahi bezain ondo geratu: «Kanpoaldea ez zait leuna geratu, baina imajinatzen dut beste ezaugarri batzuei garrantzia eman dietela, zaporeari, egiturari…». Iker ez zen iaz aurkeztu, «nire neska eta aitaginarreba bai», eta haiei laguntzen piztu zitzaion aurten parte hartzeko gogoa. Bere ustez, «tipula ondo potxatzea», hori da inportanteena. «Guztira 40 minutu inguru eman dut tortilla egiten», argitu zuen Urangak.
Patata tortilla on bat, horrela, presarik gabe, egin behar dela uste du David Garrantxok. Donostiako Andra-Mari jatetxeko sukaldaria da bera eta, iaz bezala, aurten ere aurkeztutako tortillak daztatzea egokitu zitzaion atzo, eta «aurreko urtean baino maila handiagoa» egon dela nabarmendu zuen. «Oso plater herrikoia da, eta jendeak geroz eta hobeto prestatzen du. Batzuek orduak ematen dituzte tipula bigun-bigun geratu arte», gaineratu zuen.
Julian Iantzi telebista aurkezle eta aurtengo San Pedro eta San Martzial jaietako pregoilaria epaimahaiko kide izan zen ere. Patata tortillaren zale amorratua da Iantzi, eta eskertua agertu zen ekitaldira gonbidatu zutelako, «baina hainbeste probatu behar izan ditut, ez nekiela azkenean zertan ari nintzen», esan zuen, barrez. Irunen oso tortilla onak egiten direla esan zuen bidaiari lesakar irundartuak.
Umore onez egin zen Mendibil Merkatalguneak antolatutako II. Patata Tortilla Lehiaketa, nola bestela, epaimahaiko buru David de Jorge sukaldaria izanda. Bere esanetan, «oso lan zaila» izan zuten epaileek. Aurrena, aurkeztutako 140 tortilletatik bederatzi aukeratu zituzten, hori bai, gainontzeko guztiak dastatu eta gero. Ondoren, aukeratutakoen artean hiru nabarmendu zituzten eta, azkenik, horietatik, Iker Urangarena. Berarentzako izan zen Kanariar Uharteetara joateko bidaia.
Gaur, jaien bigarren eguna, sabela ondo beteta hasiko dute batzuk…