“Lehen egunetik lanean hasi gara, eta horrela jarraituko dugu”
Lezoko Udaleko Gobernu Talde berria dagoeneko lanean hasi dela iragarri zuen atzo Ainhoa Zabalo alkateak. Besteak beste, datozen lau urteei begira udal plangintza bat egiten hasi direla jakinarazi zuen, eta plangintza hori uda pasata prest egongo dela zehaztu zuen. Hala, “lehen egunetik lanean” daudela aitortu zuen Zabalok, “eta horrela jarraituko dugu”. Plangintza hori osatzeko, ordea, udalaren eta herriaren nondik norako zehatzak jakiteko tartea hartu dutela azaldu zuen alkate berriak. Horrela, bide horretan, udaleko sail ezberdinekin errondak egiten hasi direla nabarmendu zuen atzo Zabalok, eta bilkura horiek talde politikoekin ere egingo dituztela esan zuen, “asmoak partekatzeko. Informazio trukea eta elkarlana funtsezkoak dira”. Bilduko zinegotziez osatutako Gobernu Talde berriko ordezkariek agerraldia egin zuten atzo goizean lantaldea aurkezteko batetik, eta esku artean zer duten azaltzeko bestetik. Hala, alkatearekin batera, Luis Garrido, Angel Portugal, Eneko Lartigue, Garazi Cuesta eta Lucia Aranburu zinegotziak izan ziren agerraldian. Haritz Salaberria alkate ohia ere haiekin izan zen, Gobernu Talde berria laguntzen ari baita. Erabakiak Gobernu Talde berriko ordezkariek atzo jakinarazi zuten erabakiak hartzen hasi direla dagoeneko. Hartara, Gobernu Taldea bera osatzeaz gain, Tokiko Gobernu Batzordeko kideak eta alkateordeak aukeratuta dituztela azaldu zuten. Delegazioak eta lan banaketak martxan jartzeko moduan daudela ere zehaztu zuten. Horregatik, hilaren 30ean legegintzaldiko lehen [...]
Lezoko Udaleko Gobernu Talde berria dagoeneko lanean hasi dela iragarri zuen atzo Ainhoa Zabalo alkateak. Besteak beste, datozen lau urteei begira udal plangintza bat egiten hasi direla jakinarazi zuen, eta plangintza hori uda pasata prest egongo dela zehaztu zuen. Hala, “lehen egunetik lanean” daudela aitortu zuen Zabalok, “eta horrela jarraituko dugu”. Plangintza hori osatzeko, ordea, udalaren eta herriaren nondik norako zehatzak jakiteko tartea hartu dutela azaldu zuen alkate berriak.
Horrela, bide horretan, udaleko sail ezberdinekin errondak egiten hasi direla nabarmendu zuen atzo Zabalok, eta bilkura horiek talde politikoekin ere egingo dituztela esan zuen, “asmoak partekatzeko. Informazio trukea eta elkarlana funtsezkoak dira”.
Bilduko zinegotziez osatutako Gobernu Talde berriko ordezkariek agerraldia egin zuten atzo goizean lantaldea aurkezteko batetik, eta esku artean zer duten azaltzeko bestetik. Hala, alkatearekin batera, Luis Garrido, Angel Portugal, Eneko Lartigue, Garazi Cuesta eta Lucia Aranburu zinegotziak izan ziren agerraldian. Haritz Salaberria alkate ohia ere haiekin izan zen, Gobernu Talde berria laguntzen ari baita.
Erabakiak
Gobernu Talde berriko ordezkariek atzo jakinarazi zuten erabakiak hartzen hasi direla dagoeneko. Hartara, Gobernu Taldea bera osatzeaz gain, Tokiko Gobernu Batzordeko kideak eta alkateordeak aukeratuta dituztela azaldu zuten. Delegazioak eta lan banaketak martxan jartzeko moduan daudela ere zehaztu zuten.
Horregatik, hilaren 30ean legegintzaldiko lehen udalbatzarra deituko dutela jakinarazi zuten Gobernu Taldeko kideek: udalak beste erakundeetan dituen ordezkariak, eratuko diren batzordeak, udalbatzarraren funtzionamendua eta bestelako hasierako erabakiak bertan hartuko dituztela iragarri zuen alkateak. Arratsaldean egingo dute legegintzaldi berriko lehen plenoa.
Lehentasunak
Udaleko zereginetan hasiberriak diren arren, hainbat kontu aurreratzen ari direla agertu zuen Lezoko alkateak atzo. Esaterako, hirigintza planean jasotzen den Olatzar inguruko eremua garatzen hasteko urratsak ematen hasi dira dagoeneko. Bertan babestutako etxebizitzak, parke berria, eta baratzak aurreikusi dituzte. Pisbeko Lope Isasti plaza ere berrituko dute.
Bestalde, Aralar kalean gazteentzako eraiki behar dituzten apartamentuak eta haurtzaindegiaz hitz egiteko Eusko Jaurlaritzarekin hitzordua eskatuko dutela jakinarazi zuen Zabalok. Izan ere, Jaurlaritzarekin hitzartutako egitasmoa da hori, eta urte hasieran martxan izan behar bazuten ere, geldirik daude oraindik: “Jaurlaritza ez da hitzartutakoa betetzen ari”.
Kezkak partekatu
Ainhoa Zabalo alkateak atzo nabarmendu zuenez, “Lezo ongizate iraunkorraren bidean pausoak ematen” jarraitzea da euren asmoa, “eta hau guztia lezoarrekin egin nahi dugu”. Horregatik, herritarrei, dituzten kezkak, ideiak eta interesak helarazteko eskatu diete.