Kontseiluaren ustez Hendaiak “neurri eredugarriak” hartu ditu
Gaur aurkeztuko dituzte Kontseiluak egindako Ipar Euskal Herriko hizkuntz politikaren bigarren neurketaren emaitzak. Hendaia izan da emaitzarik hoberena jaso duen herria, 2,93ko notarekin. Herriko Etxearen nota aprobatzetik urruti badago ere, hainbat e...
Gaur aurkeztuko dituzte Kontseiluak egindako Ipar Euskal Herriko hizkuntz politikaren bigarren neurketaren emaitzak. Hendaia izan da emaitzarik hoberena jaso duen herria, 2,93ko notarekin. Herriko Etxearen nota aprobatzetik urruti badago ere, hainbat ekimenengatik “eredu” bezala ageri da. Aurkezpena Herriko Kontseiluaren gelan izanen da, 18:30ean, publikoari irekita.
Kontseiluarentzat euskara normalizatzeak lehentasunezko lana izan behar du, eta horretarako, azterketan, 10etik 7ko notara iritsi behar dira behintzat udalak. Hendaiako Herriko Etxearen lanaren balorazioa nota horretatik oso urruti geratzen bada ere, “neurri eraginkorrak” hartu dituela nabarmendu du Kontseiluak. Horrela, Euskara Zerbitzua izatea eta bertarako berriki bigarren langilea kontratatu izana; 0-3 urte bitarteko haurrentzat haurtzaindegi elebiduna eskaintzea; komunikazioan eta hizkuntz paisaian euskararen presentzia bermatu izana eta eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz ere eskaintzea, besteren artean, nabarmentzeko ekimenak direla jakinarazi du Kontseiluak.
Bide luzea egiteko
Kontseiluaren azterketak erakutsi du Ipar Euskal Herriko udalei «ibilbide luzea» geratzen zaiela herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko. Hala, ofizialtasunik ez lege gerizarik ez izateak, hautetsien borondatearen arabera uzten du euskararen normalizazioa. Bide horretan, Kontseiluak marko juridikoak ahalbidetzen dituen neurri juridikoak baliatzeko galdegin die herriko etxeei.
Neurketaren emaitzak Kontseiluaren webgunean kontsulta daitezke.