Hondarribiak brontzezko domina lortu du Euskadiko Traineruen Txapelketan
Hondarribiak hirugarren postua lortu zuen atzo jokatu zuten gizonen Euskadiko Traineruen Txapelketan. Lekeitioko uretan izan zen lehia, eta Urdaibaik lortu zuen parte hartu zuten Bizkaiko eta Gipuzkoako zortzi traineruen artean onena izatea.
Hogei minutu eta 52 segundo behar izan zituzten Mikel Orbañanosen mutilek, irabazleek baino 38 segundo gehiago. Podiuma osatu zuen Kaikuk, bermeotarrengandik 24 segundora. Hiru traineru horiek bigarren txandan atera ziren, eta itsaso zakarra izan zuten lau luzeak egiteko. Urdaibairen eta Kaikuren artean hika-mika izan zuten, sestaotarrak bermeotarren kalean sartu zirelako, aldea zortzi segundokoa zenean.
Urdaibaik, Kaikuk eta Hondarribiak lortu dute Espainiako Txapelketan parte hartzeko txartela. Abuztuaren 6an eta 7an jokatuko dute txapelketa.
Sanjuandarrak, bigarren
Espainiako Txapelketarako txartela ere lortu zuen San Juanek ere, emakumeen Euskadiko Traineruen Txapelketan. Getaria-Tolosa traineruarengandik 24 segundora iritsi ziren arrosak. Ezin izan zuten ezer egin irabazleek itsaso zakarrean duren abileziaren kontra.
Guztira bost traineruk hartu zuten parte. Zumaia laugarren postuan sailkatu zen, irabazlearengandik 46 segundora. Hibaikako arraunlari batzuek osatzen dute zumaiarren eskifaia.
Larunbatean, San Pedron
Larunbatean, berriz, KAE2 Ligako San Pedroko II. Ikurriña jokatuko dute Pasaiako Badian, 18:00etatik aurrera. Igande eguerdian Trintxerpeko bandera jokatuko dute.
San Miguel Ligari dagokionez, Getxon eta Zumaian jokatuko dituzte jardunaldiak. KAE1ekoa Algortan izango da, igandean.