Herriko jaien zai egon nahi ez dutenentzat Gazte Eguna izango da bihar
Hondarribiko Gazte Asanbladak antolatuta, Gazte Eguna ospatuko dute bihar, herriko festeei aurrea hartuz. Asanbladako kideek azaldu dutenez ondo pasatzeko eta erreibindikazioak egiteko eguna izatea nahi dute: “Gazte sentitzen den oro arrimatzea d...
Hondarribiko Gazte Asanbladak antolatuta, Gazte Eguna ospatuko dute bihar, herriko festeei aurrea hartuz. Asanbladako kideek azaldu dutenez ondo pasatzeko eta erreibindikazioak egiteko eguna izatea nahi dute: “Gazte sentitzen den oro arrimatzea da gure nahia, giro alai eta herrikoian festaz gozatzeko. Errebindikaziorako unea ere izango da, herri honetako gazteon nahiak, kezkak, beharrak… zeintzuk diren azaltzea nahi dugu”.
Ekitaldiz beteriko egitaraua prestatu du Gazte Asanbladak biharko. Eguerdian pregoia irakurri eta txupina jaurtiko dute. Ondoren trikipoteoa egingo dute bildutakoek. Indarrak hartzeko herri bazkaria egingo dute, 14:30ean. Bazkariko sarrerak dagoneko salgai jarri dituzte, 10 euroan. Maitane, Etxeberria, Muara, Hazia eta Itxaropena tabernetan eros daitezke.
Gauean kontzertuak
Arratsalderako jolasak antolatuko dituzte. Besteak beste asto lasterketa izango da. Ondoren Gaztetxe Ibiltaria egingo dute; ekitaldi horrekin Hondarribiko gazteek duten gabezietako bat kalez kale azaldu nahi dute.
Musikarekin amaituko da eguna; aurrena karaokea izango da (rock abestiekin), eta gauean kontzertuak. Alambrada, Exsul, Dik, The Tripimonsters eta Blood Seekers taldeak igoko dira Erreginaren gotorlekuan jarririko tranpaldora.