Olinpiar Jokoetarako txartela eman dio irundarrak Federazioari, eta normalena litzateke Elosegik berak baliatzea Ander Elosegi Santiagotarrak taldeko irundarrak bosgarren postua lortu zuen asteburuan Bratislavan (Eslovakia) jokatu zuten piraguismoko ur bizietako Munduko Slalom Txapelketan. Emaitza horrekin Espainiako selekzioak 2012ko Olinpiar Jokoetan leku bat izango du C-1ean, ziurrenik Elosegirentzat berarentzat. Txapelketan parte hartu duten beste bi irundarrek, Jone Otañok eta Joan Crespok, finalerdietarako sailkatzea lortu zuten, K-1ean biek. Ostiraleko sailkapen jaitsierako lehen itzulian Elosegik 12. denborarik hoberena egin zuen (96,78), eta marka horrek eman zion sailkapena, bigarren saioa okerrago egin baitzuen. Irungo kanoistak maila bikaina erakutsi zuen herenegungo bi probetan, bai finalerdian, baita finalean ere. Finalaren atarikoan zazpigarrena izan zen, eta hamar onenen artean sailkatzeaz gain, Olinpiar Jokoetarako txartela lortu zuen, proba bakoitzeko hamabost txartel banatu baitzituzten. Finalean jaitsiera txukuna egin zuen Elosegik, akatsik gabea, baina helmuga zeharkatzerakoan ez zen lortutako markarekin kontent geratu (104,86); behin finalean egonda, podiumera igo nahi zuen. Azkenean bosgarren izan zen Elosegi, zilarrezko dominatik segundo batera. Olinpiar Jokoetarako txartela federazioarentzako den arren, ia ziurtzat eman daiteke Elosegik berak baliatuko duela aukera hori, ICFren rankinean (International Canoe Federation) hobeto kokatuta dagoelako eta goi mailako txapelketetan emaitza onenak berak lortu ohi dituelako. Hori horrela izanik, Santiagotarrak taldeko kanoista Londreserako [...]
Olinpiar Jokoetarako txartela eman dio irundarrak Federazioari, eta normalena litzateke Elosegik berak baliatzea
Zilarrezko dominatik segundu batera geratu zen Elosegi
Ander Elosegi Santiagotarrak taldeko irundarrak bosgarren postua lortu zuen asteburuan Bratislavan (Eslovakia) jokatu zuten piraguismoko ur bizietako Munduko Slalom Txapelketan. Emaitza horrekin Espainiako selekzioak 2012ko Olinpiar Jokoetan leku bat izango du C-1ean, ziurrenik Elosegirentzat berarentzat. Txapelketan parte hartu duten beste bi irundarrek, Jone Otañok eta Joan Crespok, finalerdietarako sailkatzea lortu zuten, K-1ean biek.
Ostiraleko sailkapen jaitsierako lehen itzulian Elosegik 12. denborarik hoberena egin zuen (96,78), eta marka horrek eman zion sailkapena, bigarren saioa okerrago egin baitzuen. Irungo kanoistak maila bikaina erakutsi zuen herenegungo bi probetan, bai finalerdian, baita finalean ere.
Finalaren atarikoan zazpigarrena izan zen, eta hamar onenen artean sailkatzeaz gain, Olinpiar Jokoetarako txartela lortu zuen, proba bakoitzeko hamabost txartel banatu baitzituzten.
Finalean jaitsiera txukuna egin zuen Elosegik, akatsik gabea, baina helmuga zeharkatzerakoan ez zen lortutako markarekin kontent geratu (104,86); behin finalean egonda, podiumera igo nahi zuen. Azkenean bosgarren izan zen Elosegi, zilarrezko dominatik segundo batera.
Olinpiar Jokoetarako txartela federazioarentzako den arren, ia ziurtzat eman daiteke Elosegik berak baliatuko duela aukera hori, ICFren rankinean (International Canoe Federation) hobeto kokatuta dagoelako eta goi mailako txapelketetan emaitza onenak berak lortu ohi dituelako. Hori horrela izanik, Santiagotarrak taldeko kanoista Londreserako txartela lortzen duen Oarso Bidasoko lehen kirolaria litzateke.
Otaño, onenekin berriz ere
Emakumeen K-1ean Jone Otañok ezin hobe hasi zuen lehiaketa. Asteazkeneko sailkapenean laugarren postua lortu zuen, baina epaileek proba baliogabetu zuten, haizearengatik, eta ostiralerako atzeratu. Ostiralean lehen itzuli ona egin zuen irundarrak, 18. postuan amaitu zuen (105,57), bigarrenean ehuneneko batzuetan hobetu zuen lehen mangako marka (105,31) eta horri esker sartu zen finalerdietan, bederatzi ehuneneko aldearekin. Finalerdietara igaro ziren 30 palistek hamahiru herrialde ordezkatzen zituztenez, hamahiruek Londreserako txartela lortu zuten ostiralean.
Otañori kosta egin zitzaion antolatzaileek diseinatu zuten ibilbideari egokitzea. Gaizki aritu zen; hiru ate ukitu eta sei segundoko zigorra ezarri zioten, baina denbora gehiago galdu zuen maniobrak behar bezala egiteko ezinean ibili zelako. Finalera pasatu zirenetatik oso urruti egonik ere, bere denborak (130,68) txapelketako 23.a izateko balio izan zuen.
Maialen Chorraut donostiarrak brontzezko domina lortu zuen, finalera laugarren tokian sailkatu ondoren; ziurrenik, berak ordezkatuko du Espainia Londresen.
Bestalde, Elosegik bezala, Joan Crespok ostiralera arte itxaron behar izan zuen lehiatzen hasteko, osteguneko probak bertan behera geratu zirelako. K-1ean Crespok lehen manga bikaina osatu zuen (hamaikagarren, 90,72eko markarekin). Sailkapeneko lehen 25ek zigorrik gabe bukatu zuten, txapelketan egon den maila handiaren erakusle. Crespok lehen jaitsierako marka segundo batean hobetu zuen bigarren saioan (89,67), eta 12. sailkatu zen. Espainiako selekzioko beste bi kideek ere finalerdietarako txartela lortu zuten, eta horrekin Olinpiar Jokoetarako leku bat ere bai.
Finalerdian zazpigarren denbora egin zuen Crespok, baina hiru ate ukitu zituelako sei segundoko zigorra jaso zuen, eta 24. postuarekin konformatu behar izan zuen; finaletik kanpora geratu zen, beraz, irundarra.