Gero Axular dantza taldearen ‘Xereta’, kulturgunean
Xereta ikuskizuna kulturgunean
Gero Axular Dantza taldearen Xereta ikuskizuna hartuko du Errenteria Hiria Kulturguneak igandean, udalak antolatuta. Xereta lanean antzerkia eta dantza uztartu ditu Gero Axular dantza taldeak. Zuzeneko musika duen ikuskizunean, hamaika musikari, hiru abeslari eta hirurogei dantzarik hartuko dute parte.
Artzain baten historia
Xereta ikuskizunak izen bereko zelai basarteetan bizi zen artzaiaren istorioa kontatzen du. Gau batez, hartz baten orroa entzun eta ardiak babestearren hartzaren bila joan zen artzaia. Hartza harrapatu eta hurrengo goizean herrira jaitsi zen haren larrua saltzeraeta emaztearentzat soinekoa erostera. Soinekoa erosi beharrean, armadaren kasak erosi zuen artzaiak eta ordundik gerra batetik bestera ibili zen, bala batek bete-betean jo zuen arte.
2004. urtean gurasoek sortua
Xereta, Gero Axular dantza taldearen laugarren ikuskizuna da. Aurretik Talaia eta Lamien Basoa taularatu ditu Donostiako dantza taldeak eta haurrei zuzendutako Sasi artean ikuskizuna.
Gero Axular dantza taldea 2004. urtean sortu zuten Axular Ikastolako guraso batzuek, «euskal dantzan urrats bat gehiago emateko asmoz, osatu genuen» azaldu dute. Euskal kultura gorde eta zaintzearekin batera, landu eta sustatu behar dela ikusi zuten, « eta horretarako, gure dantzak eta musikak jantzi nahi izan ditugu, betiko dantzak gaurkotu egiten ditugu, apaindu beste musikekin, margotu argiekin eta mimatu gaurko tresna eta teknikarekin» gaineratu dute.
Gero Axular Dantza taldearen lan berria ikusi nahi duen orok, hitzordua du beraz igandean 19:00etatik aurrera errenteria Hiria Kulturgunean. Ikuskizunerako sarrera doan izango da.