“Hasitako bidean sakontzera” deitu du ezker abertzaleak
Bateragune auziko epaiaren ostean, ezker abertzaleak hasitako bidean sakontzera deitu du: “Epaiaren kontra egon den erreakzio ia aho batekoak frogatzen du herriak bake eta demokraziaren aldeko bidea hartu duela, eta Estatuak ezingo duela oztopatu”. Epaiaren atzean, “bi erantzule politiko” daudela esan du, PP eta PSOE, eta azken hilabeteotan “Euskal Herrian ireki den aro berria boikotatzen” eta “saboteatzen” saiatu direla gaineratu du. Ostiralean eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Bateragune auziko epaiaren berri: Errenteria-Oreretako Sonia Jacintori zortzi urteko kartzela zigorra ezarri diote, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguezi bezala. Zigorrik gogorrenak, berriz, Arnaldo Otegi eta Rafa Diezentzat izan dira; hamarna urte bakoitzarentzat. ETAkoak izatea eta Batasunaren Mahai Nazional berria osatzea leporatu diete. Zortzi ziren auzipetuak, eta gainontzeko hiruak, Txelui Moreno, Mañel Serra eta Amaia Esnal absolbitu egin dituzte. Epaiketaren ostean, jakin-mina zegoen ezker abertzalearen irakurketa entzuteko, eta arratsaldean egin zuten agerraldia Rufi Etxeberria, Miren Legorburu, Txelui Moreno, Tasio Erkizia eta Niko Morenok. Legorbururen iritziz, “ulertezina, onartezina eta eskandalagarria” izan da epaia, eta “Euskal Herriaren eta Espainia Estatuaren arteko arrakala gehiago zabalduko du”. Morenok, berriz, “auzi politiko bati ezarritako epai politikoa” dela esan zuen, eta era horretara ikusten dutela euskal herritarren “gehiengo zabalak” eta eragile sozial, politiko eta sindikalek. Hurrengo egunean ere ezker abertzaleak [...]
Bateragune auziko epaiaren ostean, ezker abertzaleak hasitako bidean sakontzera deitu du: “Epaiaren kontra egon den erreakzio ia aho batekoak frogatzen du herriak bake eta demokraziaren aldeko bidea hartu duela, eta Estatuak ezingo duela oztopatu”. Epaiaren atzean, “bi erantzule politiko” daudela esan du, PP eta PSOE, eta azken hilabeteotan “Euskal Herrian ireki den aro berria boikotatzen” eta “saboteatzen” saiatu direla gaineratu du.
Ostiralean eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Bateragune auziko epaiaren berri: Errenteria-Oreretako Sonia Jacintori zortzi urteko kartzela zigorra ezarri diote, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguezi bezala. Zigorrik gogorrenak, berriz, Arnaldo Otegi eta Rafa Diezentzat izan dira; hamarna urte bakoitzarentzat. ETAkoak izatea eta Batasunaren Mahai Nazional berria osatzea leporatu diete. Zortzi ziren auzipetuak, eta gainontzeko hiruak, Txelui Moreno, Mañel Serra eta Amaia Esnal absolbitu egin dituzte.
Epaiketaren ostean, jakin-mina zegoen ezker abertzalearen irakurketa entzuteko, eta arratsaldean egin zuten agerraldia Rufi Etxeberria, Miren Legorburu, Txelui Moreno, Tasio Erkizia eta Niko Morenok. Legorbururen iritziz, “ulertezina, onartezina eta eskandalagarria” izan da epaia, eta “Euskal Herriaren eta Espainia Estatuaren arteko arrakala gehiago zabalduko du”.
Morenok, berriz, “auzi politiko bati ezarritako epai politikoa” dela esan zuen, eta era horretara ikusten dutela euskal herritarren “gehiengo zabalak” eta eragile sozial, politiko eta sindikalek.
Hurrengo egunean ere ezker abertzaleak agiri baten bidez ostiralean esandakoa berretsi zuen. Hala, egoera politiko berriari Madrilek eman dion erantzun bakarra «errepresio gehiago» izan dela esan zuen.
Larunbatean, Bilbon protesta
Agiri horretan larunbatean presoen eskubideen alde Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deialdia ere egin zuten. Hain zuzen, gaur eguerdian ere deialdi bera egin du euskal gehiengo sindikalak —LAB, ELA, Eilas, Hiru, EHNE— Errenteria-Oreretan. Horrez gain, epaia onartezina dela nabarmendu dute, eta epai politikotzat jo dute.
Lehenengo protestak, ordea, epaia atera eta laster etorri ziren. Hala, hurrengo egunerako antolatu zituzten lehenengo elkarretaratzeak. Errenteria-Oreretan, Xabier Olaskoaga plazan elkartu zen herritar andana, Sonia Jacintori elkartasuna adierazi eta epaia salatzeko.