Uholdeek kalte handiak eragin dituzte herri-lurretan eta herri-bideetan
Joan den igandeko —azaroaren 6ko— uholdeek Oiartzunen kalte material handiak eragin dituzte. Herri-lur eta herri-bide askok kalteak izan dituzte, udalak jakinarazi duenez. Kalte handienak izan dituzten auzoak Ergoien, Karrika eta Iturriotz izan dira. Luizi asko eragin zituzten uholdeek. Garrantzitsuenak Askosti, Arritxulo eta Galtzata inguruan izan ziren. Hala ere, beste toki askotan ere izan ziren luizi ttikiagoak (Zaldinazpin, Okilegiko bidean, Usategiako bidean…). Horrez gain, herri-bideetan ere kalteak eragin zituen urak. Ollarriarren ingurua zulatu egin zuen, Burkondon ura gainetik pasatu zen hodia hondatu zuen, eta Emietan, luiziak herri-bidea estali zuen, adibidez. Ur-hodiek eta araztegiak ere kaltetu zituzten uholdeek (Portuberrin edota Makutson). Azkenik, euriteen ondorioz bestelako kalteak ere gertatu zirela azaldu du udalak: “Errepideak itxita egon ziren zuhaitzak erori zirelako, baranda puskatuak, ibilgailuak ezin pasatu…”. Pasa den aste osoan zehar, udal langileak kalte horiek konpontzen, aztertzen eta kuantifikatzen aritu dira. Kalte batzuk dagoeneko konponduta daudela adierazi du udalak, baina beste batzuk konpondu ahal izateko azterketa eta obrak egin beharko dituztela. Udalak ez daki oraindik zenbatekoa den kalte horien kostu ekonomikoa. Balorazio ekonomiko zehatza datozen asteetan osatuko duela iragarri du. Segurtasun seinaleak Uholdeen ondorioz izan diren kalteetako asko konpontzeke daude. Hori dela eta, lan horiek 2012ko aurrekontuetan eragin zuzena izango dutela uste du udalak: [...]
Joan den igandeko —azaroaren 6ko— uholdeek Oiartzunen kalte material handiak eragin dituzte. Herri-lur eta herri-bide askok kalteak izan dituzte, udalak jakinarazi duenez. Kalte handienak izan dituzten auzoak Ergoien, Karrika eta Iturriotz izan dira.
Luizi asko eragin zituzten uholdeek. Garrantzitsuenak Askosti, Arritxulo eta Galtzata inguruan izan ziren. Hala ere, beste toki askotan ere izan ziren luizi ttikiagoak (Zaldinazpin, Okilegiko bidean, Usategiako bidean…).
Horrez gain, herri-bideetan ere kalteak eragin zituen urak. Ollarriarren ingurua zulatu egin zuen, Burkondon ura gainetik pasatu zen hodia hondatu zuen, eta Emietan, luiziak herri-bidea estali zuen, adibidez. Ur-hodiek eta araztegiak ere kaltetu zituzten uholdeek (Portuberrin edota Makutson). Azkenik, euriteen ondorioz bestelako kalteak ere gertatu zirela azaldu du udalak: “Errepideak itxita egon ziren zuhaitzak erori zirelako, baranda puskatuak, ibilgailuak ezin pasatu…”.
Pasa den aste osoan zehar, udal langileak kalte horiek konpontzen, aztertzen eta kuantifikatzen aritu dira. Kalte batzuk dagoeneko konponduta daudela adierazi du udalak, baina beste batzuk konpondu ahal izateko azterketa eta obrak egin beharko dituztela. Udalak ez daki oraindik zenbatekoa den kalte horien kostu ekonomikoa. Balorazio ekonomiko zehatza datozen asteetan osatuko duela iragarri du.
Segurtasun seinaleak
Uholdeen ondorioz izan diren kalteetako asko konpontzeke daude. Hori dela eta, lan horiek 2012ko aurrekontuetan eragin zuzena izango dutela uste du udalak: “Konponketak lehentasunen arabera egingo dira, eta aurrekontuetan ere lehentasun horiek islatuko dira”.
Oraindik arriskutsuak diren guneak identifikatu ditu udalak eta dagozkien seinaleak jarri ditu. Arditurriko bidegorria ere itxita dago Askostitik eta Olatxetik aurrera. Garbiketa lanak bukatu arte oraindik aste batzutan itxita egongo da bidegorri zati hori, udalaren aurreikuspenen arabera.
Herritarrei dauden arrisku-guneak ekiditeko eta seinaleak errespetatzeko eskatu die udalak, “guztion segurtasuna bermatzeko ezinbesteko neurri gisa”.
Partikularren kalteen berri
Era berean, udalak uholdeek kalteak eragin dizkieten partikularrei ere deia luzatu die. Herritarrek pairatu dituzten kalteak kuantifikatu nahi ditu Udalak, uholdeen kalteen bolumen erreala jakiteko.
Herritarrek euren aseguru-etxeei partea eman behar diete, baina egin behar dutenaren gaineko informazioa emateko eta jarraitu behar dituzten pausoak zeintzuk diren azaltzeko, udaletxeko langile bat jarri du udalak herritarren eskura.
Aseguruak bere gain hartzen ez dituzten kalteak dituztenek edo asegururik ez duten kaltetuek, abenduaren 6a arte izango dute Espainiako Estatuaren diru-laguntzak eskatzeko epea. Horiek udaletxera hurbil daitezke informazioa eta bete beharreko inprimakiak jasotzera.
