Bilduk Iparralde-Gal proiektuaren alde bozkatuko du gaurko udalbatzarrean
Irungo Bilduren udal taldeak baiezkoa emango dio Iparralde-Gal eremuaren hirigintza proiektuari, gaur arratsaldeko udalbatzarrean eztabaidatuko den gai korapilatsuenetako bati. Atzo komunikabideen aurrean eginiko agerraldian Oinatz Mitxelena bozeramaileak “hiriarentzako proiektu onuragarria” dela esan zuen, eta Doman enpresa bertatik Arasora joatea baliatuko lukeela gaineratu zuen. Domani egungo lur eremuan egoteko epea 2012ko ekainean bukatzen zaiola gogoratu zuen Mitxelenak. Garraio enpresak Bruesarekin duen kontratua data horretan amaitzen da, baina trukatze bat egiteko aukera hitzartuta dute bi aldeek. Horregatik erabakia ezin dela atzeratu argitu zuen Mitxelenak. Domanek Araso industriagunean pabilioi bat hartzeko nahia agertu du, eta egun kiebran den Bruesaren lurrak Kutxarentzat izango lirateke, higizezinen enpresak Arason duen beste lur zolu bat bezala. Kutxari Iparralde-Galeko lurra interesgarriagoa iruditzen zaio, eta Doman erosi duen TDG taldeak Arasokoa nahiago du bere jarduera burutzeko. Hortaz, gaurko plenoak proiektuari behin behineko onarpena emanez gero, lurren trukea egiteko aukera izango luke TDG-k. Ondorioz, heldu ekainetik aurrera Iparralde-Gal eremu osoa bi erakunderen esku geratuko litzateke, Udalaren eta Kutxaren esku. Mitxelenak adierazi zuenez, “Iparralde-Gal hau ez da epe motzera gauzatuko”; ordua iristen denean udal gobernuak eta Kutxak zehaztuko dute proiektua. Estadio berri bat Iparralde-Galerako egitasmoak Gal Stadiuma lekuz aldatzea aurreikusten du; hamabost urte besterik ez ditu, baina akats larriak ditu, eta [...]
Irungo Bilduren udal taldeak baiezkoa emango dio Iparralde-Gal eremuaren hirigintza proiektuari, gaur arratsaldeko udalbatzarrean eztabaidatuko den gai korapilatsuenetako bati. Atzo komunikabideen aurrean eginiko agerraldian Oinatz Mitxelena bozeramaileak “hiriarentzako proiektu onuragarria” dela esan zuen, eta Doman enpresa bertatik Arasora joatea baliatuko lukeela gaineratu zuen.
Domani egungo lur eremuan egoteko epea 2012ko ekainean bukatzen zaiola gogoratu zuen Mitxelenak. Garraio enpresak Bruesarekin duen kontratua data horretan amaitzen da, baina trukatze bat egiteko aukera hitzartuta dute bi aldeek. Horregatik erabakia ezin dela atzeratu argitu zuen Mitxelenak.
Domanek Araso industriagunean pabilioi bat hartzeko nahia agertu du, eta egun kiebran den Bruesaren lurrak Kutxarentzat izango lirateke, higizezinen enpresak Arason duen beste lur zolu bat bezala. Kutxari Iparralde-Galeko lurra interesgarriagoa iruditzen zaio, eta Doman erosi duen TDG taldeak Arasokoa nahiago du bere jarduera burutzeko. Hortaz, gaurko plenoak proiektuari behin behineko onarpena emanez gero, lurren trukea egiteko aukera izango luke TDG-k.
Ondorioz, heldu ekainetik aurrera Iparralde-Gal eremu osoa bi erakunderen esku geratuko litzateke, Udalaren eta Kutxaren esku. Mitxelenak adierazi zuenez, “Iparralde-Gal hau ez da epe motzera gauzatuko”; ordua iristen denean udal gobernuak eta Kutxak zehaztuko dute proiektua.
Estadio berri bat
Iparralde-Galerako egitasmoak Gal Stadiuma lekuz aldatzea aurreikusten du; hamabost urte besterik ez ditu, baina akats larriak ditu, eta zonaldearen berrihiritaratzea baliatu nahi dute eraikin berria egiteko. Dagoen lekutik metro eskas batzuetara eramango dute, Domanen lur eremura —oraingoa ibaiaren ondoan dago eta berria N-1 errepidearen ondoan eraikiko dute—. Belar artifizialeko zelaia desager daiteke, nahiz eta Reaul Unionek uzteko eskatu duen, entrenatzeko.
Ibaiaren ondoan etxebizitzak eraikiko dituzte; gaurko bozkatuko den asmoak 683 etxebizitza aurreikusten ditu, horietatik 290 babes ofizialekoak ‑Bilduk babestutakoak gehiago izatea nahi du, batez ere alokairurako‑. Etxebizitzagehienak 4 pisukoak izango dira, eta baxuagoak ibaiaren ondoan. Gainera, hamahiru pisuko dorre bat eraiki nahi dute.
TAOtik kanporatutakoak
Domanek bertan egoteko kontratuaren amaierak behartuta, Iparralde Gal egitasmoa aztertuko dute gaur udalbatzarrean. Horrez gain, Eta ez dioen pankarta udaletxeko balkoitik kentzea edo ez aztertuko dute, beste gairen artean, eta, plenoaren amaieran, TAO zerbitzutik Eyssa enpresak kanporatutako hiru langileetako batek hitzegiteko nahia adierazi du.
Udalbatza 19:30ean hasiko da, eta hori baino lehenago TAOko langileek elkarretaratzea egingo dute, kanporatutako lankideei elkartasuna adierazi, eta enpresak har ditzatela eskatzeko.