‘Wilt panpina puzgarriaren hilketa’ estreinatuko dute igandean
Igandean antzezlan bat estreinatuko dute Errenteria Hiria Kulturgunean: Ados Teatroren Wilt panpina puzgarriaren hilketa. 19:00etan hasiko da emanaldia. Taularen gainera aurpegi ezagunak igoko dira: Mikel Laskurain, Miren Gojenola, Aitziber Garmendia, ...
Igandean antzezlan bat estreinatuko dute Errenteria Hiria Kulturgunean: Ados Teatroren Wilt panpina puzgarriaren hilketa. 19:00etan hasiko da emanaldia. Taularen gainera aurpegi ezagunak igoko dira: Mikel Laskurain, Miren Gojenola, Aitziber Garmendia, Isidoro Fernandez, Koldo Losada eta Fernando Ruiz.
Tom Sharperen liburu ezagunaren antzerki egokitzapena da igandeko lana. Egoera barregarriz osatutako eleberria da, eta 22 hizkuntzatan 10 milioi kopia saldu ditu. Lehenengo aldiz taularatuko dute Tom Sharperen lan bat, eta gainera, euskaraz.
Henry Wilt izango da protagonista. Itxaropena galdutako gizon bat da. Arte eta lanbide eskola bateko literatura irakaslea da, eta gai horretan batere interesik ez duten etorkizunean igeltsero, iturgin eta argiketari izango diren ikasleei irakasten die. Emaztearekin ere ez da zoriontsu. Wiltek, ordea, ihesbide bat du: egunero, txakurra paseatu bitartean, emaztea hil eta gorpua desagerrarazteko hainbat modu asmatzen ditu.
Denbora pasa “inuzente” horretan dabilela, ez dirudi bere bizitza asko aldatuko denik, emazteak Ipar Ameriketako bikote bat ezagutuko duen arte. Wiltarrak jai batera gonbidatuko dituzte, eta hala nola, panpina puzgarri bat agertuko da. Wilt ustekabean harrapatuko dute panpinarekin.
