Aurrekontuen harira Bilduren eta PSE-EEren arteko gatazka sortu da Pasaian
Bero-bero hasi da 2012. urtea Pasaian. Aurrekontuen gaiarekin gatazka sortu da Pasaiako Bildu eta PSE-EEren artean. Sozialistek alkateari “gezurretan” ibiltzea egotzi dioten bitartean, Bilduk esan du aurrekontuak badituela, eta PSE-EE politika “prentsa ohar bidez” egiten ari dela: “Lan egin beharrean, eta batzordeetara agertu beharrean, errealitatetik kanpo dauden adierazpenak bere eginez, eta horien bitartez zalantzan jarriz, gainerakoen erantzukizuna eta lanerako gaitasuna”. “Ukapenean” oinarritutako politika egitea egotzi dio Bilduk PSE-EEri. Eta sozialistek horrela jarraituko dutela uste dute Amaia Agirregabiria Pasaiako alkatearen koaliziokoek: “Badakigu ildo berarekin jarraituko dutela, azken udalbatzarrean esaldi biribil honekin aditzera eman ziguten bezala: ‘Gu, guztiaren aurka’”. Hala, aurrekontuen gaineko eztabaida otsailean egingo dutela aurreratu du Bilduk, baina aurretik, aurrekontuen proposamena ogasun batzordean eta herritarrekin egingo dituzten batzarretan aztertuko dutela nabarmendu du. “Informazio hau ez da ezezaguna talde politikoentzat; izan ere, abenduko udalbatzarrean jakinarazi zitzaien hori, hortaz, nor ari da gezurretan? Nor ari da manipulatzen?”, adierazi du Bilduk. PSE-EEri deia egin dio Bilduk “porrotera eraman dituen estrategiak” albo batera uzteko, eta “oposizio arduratsua” egiteko. Ogasun diputatuari galdera Pasaiako PSE-EEren udal taldearen iritziz, Amaia Agirregabiria alkatea «gezurretan» dabil. “2012ko aurrekontuen aurkezpena atzeratu egingo zela esan zuen alkateak, aldundiarekin hainbat bilera egin behar zirelako aurretik. Talde honek jakin du aldundiko Ogasun diputatuak [...]
Bero-bero hasi da 2012. urtea Pasaian. Aurrekontuen gaiarekin gatazka sortu da Pasaiako Bildu eta PSE-EEren artean. Sozialistek alkateari “gezurretan” ibiltzea egotzi dioten bitartean, Bilduk esan du aurrekontuak badituela, eta PSE-EE politika “prentsa ohar bidez” egiten ari dela: “Lan egin beharrean, eta batzordeetara agertu beharrean, errealitatetik kanpo dauden adierazpenak bere eginez, eta horien bitartez zalantzan jarriz, gainerakoen erantzukizuna eta lanerako gaitasuna”.
“Ukapenean” oinarritutako politika egitea egotzi dio Bilduk PSE-EEri. Eta sozialistek horrela jarraituko dutela uste dute Amaia Agirregabiria Pasaiako alkatearen koaliziokoek: “Badakigu ildo berarekin jarraituko dutela, azken udalbatzarrean esaldi biribil honekin aditzera eman ziguten bezala: ‘Gu, guztiaren aurka’”.
Hala, aurrekontuen gaineko eztabaida otsailean egingo dutela aurreratu du Bilduk, baina aurretik, aurrekontuen proposamena ogasun batzordean eta herritarrekin egingo dituzten batzarretan aztertuko dutela nabarmendu du. “Informazio hau ez da ezezaguna talde politikoentzat; izan ere, abenduko udalbatzarrean jakinarazi zitzaien hori, hortaz, nor ari da gezurretan? Nor ari da manipulatzen?”, adierazi du Bilduk. PSE-EEri deia egin dio Bilduk “porrotera eraman dituen estrategiak” albo batera uzteko, eta “oposizio arduratsua” egiteko.
Ogasun diputatuari galdera
Pasaiako PSE-EEren udal taldearen iritziz, Amaia Agirregabiria alkatea «gezurretan» dabil. “2012ko aurrekontuen aurkezpena atzeratu egingo zela esan zuen alkateak, aldundiarekin hainbat bilera egin behar zirelako aurretik. Talde honek jakin du aldundiko Ogasun diputatuak gezurtatu egin duela bilera horiek egin direnik”. Prentsa ohar bidez egin ditu adierazpen horiek PSE-EEren udal taldeak.
Horren harira, eta “gezurretan zergatik” ari den galdetzeaz gain, alkateari eskatu diote hauteskunde kanpainan esandakoa betetzeko: “Non daude udalaren egoera finantzarioari aurre egiteko hauteskunde kanpainan iragarri zenituen proposamenak eta konponbideak?”.
Urteko azken udalbatzarrean Bilduk iragarri zuen Finantzazio Foru Funtsari Pasaiako Udalak itzuli beharreko dirua modu malguagoan egiteko negoziazioak egingo zituela aldundiarekin. Sozialisten batzar nagusietako taldearen arabera, Ogasun diputatuak esan du inongo udalekin ez dutela negoziaziorik zabaldu zentzu horretan. “Udalbatzar batean gezurra esatea ez da oposizioa engainatzea. Pasaiako herritarrak mespretxatzea da”, salatu du Pasaiako PSE-EEk.
Horri erantzuteko, Pasaiako Bilduk berretsi du PSE-EEko kideak ez direla “agertzen” informazio batzordeetara: “Soilik udalbatzarrak hartzen dituzte kontuan. Jokaera horrekin gainerako oposizioaren, gobernu taldearen eta batzordeetan parte hartzen duten pasaitarren lana eta ahalegina gutxietsiz”.