Piraguismoko Euskadiko Fondo Txapelketa egingo dute etzi Irunen, Santiagotarrak-ek antolatuta
Santiagotarrak Arraun Elkarteak antolatuta, ur lasaietako piraguismo Euskadiko Fondo Txapelketa egingo dute etzi Irunen, joan zen astean Zumaian egin zuten Gipuzkoakoari jarraipena emanez. Irungo lehiaketa azken testa izango da hilaren 17an eta 18an Se...
Santiagotarrak Arraun Elkarteak antolatuta, ur lasaietako piraguismo Euskadiko Fondo Txapelketa egingo dute etzi Irunen, joan zen astean Zumaian egin zuten Gipuzkoakoari jarraipena emanez. Irungo lehiaketa azken testa izango da hilaren 17an eta 18an Sevillan egingo duten Espainiako Txapelketara begira.
Eguerdiko hamabietan abiatuko dira lehen ontziak. Irunen antolatzen diren fondoko probetan ohikoa den bezala, arraun elkartearen inguruan 5.000 metroko ibilbidea prestatuko dute, zeinaren inguruan palistek hainbat itzuli eman beharko dituzten.
Irungo taldeak zenbait hutsune izango ditu igandean, baina faborito nagusia den Donostia Kayak taldeak ere hainbat piraguistaren falta izango du, Portugalen lehiatzen ariko direlako. Lasterketaren amaieran Irungo taldeko ur lasaietako entrenatzaileak, Erik Arozenak, Espainiako Txapelketara joango direnen zerrenda emango du.
Aulki mugikorrekoak Orion
Irungo arraun taldeko aulki mugikorreko taldeak bihar Orion egingo duten estropadan parte hartuko du, 25 ontziekin. Gipuzkoako Ligarako puntuagarria izango da, eta Santiagotarrakekoek aurten parte hartuko duten lehenengo lineako estropada izango da. Goizeko hamarrak eta erdietan hasiko da proba.
