Ainhoa Zabalo eta Ainhoa Intxaurrandieta, Lezoko Bildukoak.
Bilduko ordezkari Ainhoa Intxarraundieta eta Ainhoa Zabalok 34udalek atez atekoa jartzeko hartu duten erabakiaren gainean sortutako eztabaidari erantzun diote gaur egindako agerraldian. Intxaurrandietak adierazi duenez, eragile batzuk “bazterrak nahasten ari dira, eta uste dugu gaiari behar bezala heldu behar zaiola”.
Esan dutenez, PSE-EEk jarrera aldatu du hondakinen kudeaketarekiko, eta duela urte batzuk errauste plantaren kontra zeudela gogorarazi dute. Horrez gain, EAJk “bere betiko jarrera” aldatu duela eta herri galdeketa eskatzen duela kritikatu dute.
Jarrera horien atzean eraikuntzaren “lobby”-ari babesa ikusten dute Bilduko kideek, “herritarrei bizkarra emanez”. Deia luzatu diete bi alderdi horiei elkar ulertzeko, “hondakinen gaiari heltzeko gogoa badute”. Herrietan parte hartze prozesuak abian jarriko dituztela ere iragarri dute, “herritarren kezkak eta zalantzak argitzeko, eta euren ideiak jasotzeko”.