San Juango hotelerako langabeez ez ahazteko eskatuko du EAJk
San Juan plazako hotelaren eraikuntza eta ustiapenerako lehiaketa publikoan klausula soziala sartzea eskatuko du EAJk gaurko osoko bilkuran. Gai zerrendako hirugarren puntuan aztertuko dute gaia, San Juan Etxeandian hotela eraikitzeko eta ustiatzeko az...
San Juan plazako hotelaren eraikuntza eta ustiapenerako lehiaketa publikoan klausula soziala sartzea eskatuko du EAJk gaurko osoko bilkuran. Gai zerrendako hirugarren puntuan aztertuko dute gaia, San Juan Etxeandian hotela eraikitzeko eta ustiatzeko azalera-eskubidea besterentzeko lehiaketa publikoa deitzeko proposamena, hain zuzen ere. Jeltzaleek nahi dute “enpresa eskaintzaileek pertsona langabetuak kontratatzeko konpromisoa har dezaten”.
EAJren udal taldeak nabarmendu du esleipenerako baldintzen agirian hainbat irizpide jasotzen direla, besteak beste, proiektuaren eta obraren memoria teknikoa, ustiapen memoria, azalera eskubidearen epea, eta hoteleko zerbitzu eta errestaurazioan enpresa eskaintzaileak egin ditzakeen hobekuntzak, “baina krisiak eragindako ondorioak eta egunerokotasunean familia askok bizi duten egoera zaila, esaterako, ez ditu kontuan hartu agiri horrek”, kritikatu dute.
Jeltzaleek gogoratu dute San Juan plazan hotela egiteko proiektuan bederatzi eta hamaika milioi euro arteko inbertsioa aurreikusten dela: “Obra garrantzitsua da eta pertsona askorentzat lana ekarriko du, bai bere eraikuntzan, baita ondorengo ustiapenean ere”. Horregatik talde jeltzaleak zuzenketa bat aurkeztuko du biharko Udalbatzan esleipen irizpideei lehiaketan puntuatuko duen klausula sozial ez baztertzailea gehitzea eskatuz. “Lan munduan sartzeko zailtasun handienak dituzten gizarte-taldeetako langabetuak kontuan hartzeko, edo krisiaren ondorioz, ixtera behartuta ikusi den Irungo enpresaren batean lanean jardun duten pertsonak kontratatzeko” eskatuko dute EAJko kideek.