Greba berotzeko hainbat ekimen egingo dituzte
Datorren asteko greba orokorraren harira, hainbat ekimen egingo dituzte gaur ikastetxeetan. Hala, Oarsoaldeko zein Bidasoaldeko ikastetxeetako ikasleek greba deialdia dute gaurko.
Oarsoaldeko ikasleak Errenteria-Oreretako Herriko plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte. 19:00etan irtengo da.
Lezon, mobilizazioak
Ikasleak ez ezik, Hezkuntzako langileak ere mobilizatuko dira. Hala, Lezo Herri Eskolan mobilizazioa egingo dute gaur arratsaldean. Bertako langileen batzarrak hala erabakita, gaur elkarretaratzea egingo dute eskolak bukatu ondoren, 16:15ean, ikastetxearen aurrean. Gaur zortziko grebarekin bat egin dutela ere jakinarazi dute.
Horrez gain, asteartean Lezoko zerbitzu publikoetako langileek egingo duten itxialdian ere parte hartuko dute. 16:30etik aurrera egingo dute itxialdia.
Ekintza horietan parte hartzeko arrazoiak jakinarazi dituzte Lezo Herri Eskolako langileek. Hala, “zerbitzu publikoetan ezartzen ari diren murrizketak herritar ororentzat kaltegarriak” direla uste dute.
Horrez gain, Espainiako Gobernuak onartu duen lan erreforma horrek lan baldintzen kontra egiten duela esan dute, “eta XX. mendearen hasierara eramaten gaitu”.
Eekitaldi horietan guztietan parte hartzeko gonbidapena egin diete ikastetxeko haurren gurasoei.