Oarso Bidasoko osoko bilkura gehienetan bat egin dute greba deialdiarekin
Irun, Pasaia, Oiartzun, Lezo eta Errenteriako udalbatzarretan lan erreformaren kontrako mozioak onartu dituzte
Asko izan dira atzoko greba deialdiarekin bat edota lan erreformaren kontra egiteko udalerrietan azken astean aurkeztutako mozioak. Irunen Bilduren ekimena izan zen, baina gehiengo handiagoa lortze aldera, sozialistek aurkeztutako mozio alternatiboa onartu zuten, Espainiako Gobernuari lan erreforma erretiratzeko eskatuz, eta grebaren deialdiarekin bat eginez.
Errenteria-Oreretan EAJk aurkeztu zuen lan erreformaren kontrako mozioa eta, PPk izan ezik, beste guztiek alde bozkatu zuten; lan harremanetarako euskal markoaren eta euskal finantza sistemaren gainean ere eztabaidatu zuten bertan.
Oiartzunen jeltzaleek eta Hamaikabatek Bildurekin bat egin zuten lan erreformaren kontra, baina grebaren alde bakarrik geratu ziren Bildurek hautetsiak.
Lezon bi mozio onartu zituzten: PSE-EErena (Bilduren babesarekin), eta Bildurena (sozialisten abstentzioarekin).
Eta Pasaiako astearteko osoko bilkuran hiru alderdik aurkeztu zituzten erreformaren kontrako eta grebaren aldeko mozioak: Bilduk, Pasaiako Ezkerrak eta PSE-EEk. Hirurak aurrera atera ziren.