Laikotasunaren harira, PSE-EEren jarrera salatu dute Bilduk eta Ezker Anitzak
Bilduk eta Ezker Anitzak laikotasunaren gainean aurkeztutako mozioa ez zen aurrera atera atzoko udalbatzarrean. PSE-EEk, EAJk eta PPk kontrako botoa eman zuten, beraz, Udal Gobernu Taldearen 9 botoak ez ziren nahikoak izan oposizioaren 11 bozen kontra....
Bilduk eta Ezker Anitzak laikotasunaren gainean aurkeztutako mozioa ez zen aurrera atera atzoko udalbatzarrean. PSE-EEk, EAJk eta PPk kontrako botoa eman zuten, beraz, Udal Gobernu Taldearen 9 botoak ez ziren nahikoak izan oposizioaren 11 bozen kontra.
Bilduk eta Ezker Anitzak batik bat PSE-EEren jarrera salatu dute. Azken alderdi horrek (EAJ nahiz PPk bezala) ez zuen bat egin gobernu taldearen proposamenaren puntu batekin; alegia, udal korporazioak modu ofizialean prozesioetan ez parte hartzearekin. PSE-EEren iritziz, jada “tradizio” bihurtu da hori.
Ez Bildu ezta Ezker Anitzak ere ez dute ulertu PSE-EEren erabakia, alderdi laikoa dela argudiatuta. Hala, Bilduren arabera, “ustez bereak dituen laikotasun printzipioei muzin” egin die. Ezker Anitzaren iritziz, PSOEk azaroaren 20ko hauteskundeetarako aurkeztutako egitarauarekin kontraesanean sartu da Errenteriako PSE-EE, eta baita Patxi Lopez lehendakariak duen jarrerarekin ere.
Bilduk gaineratu duenez, “argi geratu zen Ezker Anitzarekin batera aurkeztutako proposamenak herriko sektore zabalen babesa duela”. Atzoko udalbatzarrean laikotasunaren aldeko jarrera erakutsi zuten Bilgune Feminista, talde feministak, gay eta lesbianen taldeak, Laikotasunaren Aldeko Gipuzkoako Taldeak eta baita herriko apaiza batek ere.
Hala ere, laikotasunaren alde jarraituko duela adierazi du Bilduk.