Aisia, modu naturalean
Hondarribiko Txiribuelta aisia taldeak 8 eta16 urte bitartekoentzat BTT irteerak egiten hasiko da, San Marko mendian. Horrela, Errenteriara zabalduko dute bere jardueren eremua. San Markoz gain, Aiako Harrian eta Jaizkibelen dihardu Txiribueltak, eta eskiatzeko irteerak antolatzen ere hasi da. Hori bai, hirian ez dira izango ia inoiz, izan ere, natura aisia maite dute. Carlos Subijana, Markel de Sousa, Erik Redondo, Mireia Osa eta Oihana Arbelaizek osatzen dute Txiribuelta aisia taldea. Bostetik laurekin izan da Hitza, Arbelaizek ezin izan zuelako hitzordura agertu. Berak eta Subijanak mendiko ziklo bat ikasi zuten, eta duela hiru urte proiektua abiatzea pentsatu zuten. Ikastetxeekin harremanetan hasi, urtebetera Oiartzungo Arritxulon sartu ziren, eta Aiako Harriko aterpetxea bilakatu zen bere jardueren egoitza nagusia. “Han serioago hasi ginen, udaberrian ikastetxeekin ekintzak antolatzen eta udalekuak egiten. Jaitzubia zalditegian ere egiten ditugu orain udalekuak”, azaldu du Subijanak. Natura begiraleak dira Txiribueltakoak. Denak mendiko gidarik dira, eta bakoitzak banakako titulu osagarriak atera ditu: BTT gidari, eskalada… “Iaz eski begirale titulua atera nuen, eta eskiatzeko irtenaldiak eskaintzen gabiltza ikastetxeetan”, azaldu du Redondok. Euren iritziz naturak asko aportatzen die haur eta gazteei. “Etxean sofan etzanda telebista ikusten egotea ez da ona haur eta gaztetxoentzat. Eta naturak ematen dizu hiriak eman ezin dezakeena: bakea, airea, [...]
Hondarribiko Txiribuelta aisia taldeak 8 eta16 urte bitartekoentzat BTT irteerak egiten hasiko da, San Marko mendian. Horrela, Errenteriara zabalduko dute bere jardueren eremua. San Markoz gain, Aiako Harrian eta Jaizkibelen dihardu Txiribueltak, eta eskiatzeko irteerak antolatzen ere hasi da. Hori bai, hirian ez dira izango ia inoiz, izan ere, natura aisia maite dute.
Carlos Subijana, Markel de Sousa, Erik Redondo, Mireia Osa eta Oihana Arbelaizek osatzen dute Txiribuelta aisia taldea. Bostetik laurekin izan da Hitza, Arbelaizek ezin izan zuelako hitzordura agertu. Berak eta Subijanak mendiko ziklo bat ikasi zuten, eta duela hiru urte proiektua abiatzea pentsatu zuten. Ikastetxeekin harremanetan hasi, urtebetera Oiartzungo Arritxulon sartu ziren, eta Aiako Harriko aterpetxea bilakatu zen bere jardueren egoitza nagusia. “Han serioago hasi ginen, udaberrian ikastetxeekin ekintzak antolatzen eta udalekuak egiten. Jaitzubia zalditegian ere egiten ditugu orain udalekuak”, azaldu du Subijanak.
Natura begiraleak dira Txiribueltakoak. Denak mendiko gidarik dira, eta bakoitzak banakako titulu osagarriak atera ditu: BTT gidari, eskalada… “Iaz eski begirale titulua atera nuen, eta eskiatzeko irtenaldiak eskaintzen gabiltza ikastetxeetan”, azaldu du Redondok.
Euren iritziz naturak asko aportatzen die haur eta gazteei. “Etxean sofan etzanda telebista ikusten egotea ez da ona haur eta gaztetxoentzat. Eta naturak ematen dizu hiriak eman ezin dezakeena: bakea, airea, deskonektatzeko aukera… Ikasteko aukera bat da, baina eskolako lau paretetatik kanpora”, uste du Redondok.
Eta Subijanak gaineratu du haurrak ezinhobe sentitzen direla naturan jarduerak egiten: “Aurten Arritxulotik 2.000 haur pasatu dira, eta sekulako erraztasuna erakutsi dute naturarekin jolastu eta natura errespetatzeko. Ez zaie gogorra egiten, eta gainera asko eskertzen dute”.
Oarso Bidasoa, “aproposa”
Eskiatzeko irteerak salbu, gainontzeko ekitaldiak Oarsoaldean eta Bidasoan antolatzen ditu Txiribueltak: “Oso ingurune aproposa dugu, ez dira mendi altuak, bizikletaz egiteko pista errazak dituzte, inori kalte egin gabe ibiltzeko modukoak, hesirik gabeak… Eta herritik gertu dauzkazu”, gaineratu du Osak.
Abenduaren 9tik hasita BTT ibilbideak egingo dituzte San Marko mendian igandero, 12-16 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Izena eman nahi duenak aste bakoitzeko ostirala arte izango du aukera, telefonoz (630 33 03 54 zenbakira deituta) edo Internetez (txiribuelta.org webgunean). “Errazenetik hasiko gara, umeen maila zein den ikusteko, eta gero zailtasuna handituz joango gara. Azken helburua da beraiek BTT lasterketa herrikoietan parte hartu ahal izateko maila lortzea”, argitu du Redondok.
Norberak bere bizikleta eta kaskoa eraman behar du, eta Txiribueltakoek jarriko dute gainontzekoa. Tailer osagarriak egingo dituzte ere: mekanika, elikadura, masajeak… “Beraiek ez dira mendira bakarrik joaten, mendia ezagutzen ez dutelako. Nondik joan daitezkeen, ordubeteko edo hiru orduko ibilbidea egiteko zein aukera dituzten… hori irakatsi nahi diegu, gero, laguntzarik gabe, lagunekin joan daitezen”.

