Arnasa hartzeko garaipena
Hondarribia-Irun saskibaloi taldeak garaipen garrantzitsua eskuratu zuen larunbatean Hondartza kiroldegian Leongo Bembibreren aurka, Emakumeen Ligako zazpigarren jardunaldian (57-50). Garaipenari esker, arnasa hartu dute hondarribiarrek, eta sailkapene...
Hondarribia-Irun saskibaloi taldeak garaipen garrantzitsua eskuratu zuen larunbatean Hondartza kiroldegian Leongo Bembibreren aurka, Emakumeen Ligako zazpigarren jardunaldian (57-50). Garaipenari esker, arnasa hartu dute hondarribiarrek, eta sailkapeneko erdialdera jauzi egin dute, multzoa ixten dute, Bembibrek eta Conquerok baino bi garaipen gehiagorekin.
Partida ez zen ona izan, garaipenaren beharra zela-eta urduri kantxaratu baitziren jokalariak eta saskia txikia egin zitzaien. Partidaren hasiera oso parekatuta izan zen, eta bigarren laurdenean kanpoko taldeak aurretik jartzea lortu zuen. Nolanahi ere, etxekoek buelta eman zioten markagailuari eta partida amaiera arte aurretik izan ziren, sufrituta bada ere.
Anne Peñaren neskek lortutako garaipena talde lana izan zen. Ia beti bezala, Ygueravide basea eta Keshler pibota izan ziren onenak, baina asko lagundu zuten Mandisa Stevensonek (10 puntu eta 9 errebote) eta Ana Suarezek (8 puntu 5 errebote eta hiru lapurtutako baloi). Aipatzekoa da ere Sonia Reisen belauna gero eta indartsuago ageri dela; bederatzi puntu lortu eta sei errebote hartu zituen portugaldarrak larunbatean.
