Zubitxo errekan hobekuntzak egin ditu udalak
Zubitxo errekan hobekuntza lanak
Elias Salaberria kalean saneamendu-sarean zegoen arazoa konpondu zuen atzo udalak. Arazoa zela eta, ur beltzak isurtzen ziren Zubitxo errekara tarteka eta horrek uraren kalitatea kaltetzen zuela eta bertako bizilagunei eragozpenak sortzen zizkietela jakinarazi dute udaletik. Errekaren gune horretan udalak aurretik beste lan bat egina zuela gogorarazi dute halaber, eta atzoko lanekin arazoa behin betiko konpontzea espero dutela gaineratu.
Lan horiek Zubitxo errekaren uraren kalitatea hobetzeko Ingurumen saila egiten ari den jarraipenaren barruan kokatu dituzte.
Errekaren gaineko azterketa zabala
Zubitxo errekaren gaineko azterketa zabala egin du udalak, bestalde, “lezoarrak errekaren garrantziaz eta kontserbatzeko beharraz kontzientziatzeko”. Azterketa horrek, erreka herrigunean hobeto integratzeko ekintzak proposatzen ditu: “Informazio guztia kalean, errekaren ondoan jarriko da bi paneletan herritarren eskura”.
Udalak Uraren Euskal Agentziatik jasotako diru laguntza baliatu du Zubitxo errekaren azterketa egiteko.