Jaien balorazioa egin du Sierra zinegotziak
Irungo Udaleko Kultur arloko Belen Sierra delegatuak 2014ko San Pedro eta San Martzial jaien balorazio orokorra egin du gaur goizean. Kultura delegatuak adierazitakoaren arabera, “parte hartze kopurua altua izan da eta denera, 19.000 lagun inguru izan dira antolatutako jarduera ezberdinetan”.
Emandako datuek diotenez, musika programazioaren barruan, 11.900 ikusle izan ziren kontzertu ezberdinetan. Hala ere, ekainaren 28an egitekoa zen Doctor Deseoren kontzertua bertan behera gelditu zela oroitarazi du Sierrak: “Arratsaldeko azken orduan sartutako enbataren ondorioz haize bolada bortitzak izan ziren eta horrek eszenatokia bere lekutik mugitu zuen. Azken orduko bilera bat egin genuen inplikatutako eragile ezberdinek, eta segurtasuna bermatzeko arazoak zeudenez azken unean kontzertua bertan behera gelditzeko erabakia hartu behar izan genuen”. Hala, Ficoban egindako kontzertuetan parte hartzea Urdanibia plazaren antzekoa izan dela ere azaldu du zinegotziak.
Jarduera eszenikoei dagokienez, 7.175 lagunen parte hartzea zenbatu zuen udalak. Irungo elkarte eta erakunde ezberdinek antolatutako ekitaldietan bestalde, Betti Gottiren herri bazkaria edota Baserritar Eguna esaterako, 6.600 herritar izan zirela gaineratu du Sierrak.
Horrez gain, auzoetara zabaldutako gaztelu puzgarrietan parte hartzea ere nabaria izan zela esan du delegatuak. Eguzkitza ikastetxean goizeko saioa bertan behera gelditu zela eguraldi kaxkarrarengatik gogora ere ekarri du zinegotziak.
Horiek horrela, aurreikusitako 111 jardueretatik 108 garatu direla denera nabarmendu du Sierrak. Eguraldia medio bertan behera gelditu ziren ekitaldiak izan ziren: Doctor Deseo taldearen kontzertua; Irungo Udal Musika Bandak eman beharreko The Beatles taldearen omenezko kontzertua, eta Eguzkitzako goizeko gaztelu puzgarriak.
Aniztasuna eta kopurua
Kultur arlotik aurtengo ekitaldi sortaren aniztasuna eta kopuru handia nabarmendu nahi izan dituzte. Gainera, Urdanibia plazaren inguruan egindako errefortzua ere aipatu du zinegotziak. Zentzu horretan, aurtengoa ez ohikoa izan dela eta datorren urtean jai eremu hori berreskuratuko dela argi utzi nahi izan du Kultura arloko arduradunak.
Bukatzeko Txingudiko Zerbitzuak-ek egindako lana kaleak garbitzeko goraipatu du, eta eskerrak eman nahi izan dizkie aldi berean sanmartzialetako jarraipena egin duten kazetari eta komunikabide guztiei.