Madalenen aurreko klasikoa da Oarso aldizkaria. Aurtengo zenbakia bihar jarriko dute salgai, baina gaur aurkezpena egin dute. Urtekariko lan taldeko zein udaleko ordezkariak bildu dira aurkezpenean. Jakinarazi dutenez, Oarson ardatz moduan hartu duten gaia Oiartzun ibaia izango da.
Oarso aldizkariaren aurkezpena
Erredakzio taldeko Iñigo Imazek, lehenik eta behin, aldizkariaren kolaboratzaileak eta udala eskertu nahi izan ditu, euren laguntzarengatik. Bere esanetan, Oarso “erreferente kultural eta soziala” bilakatu da Errenteria-Oreretan, herritarren “babes eta onarpena” jasotzen duelako. Aurtengo zenbakiaren nondik norakoak azaldu ditu. Zehaztu duenez, gai nagusia Oiartzun ibaia izango da, “baina beste gai asko ere jorratu ditugu”. Horrela, herriari ateratako argazki zaharrenak argitaratu dituzte. 1860an egin ziren, eta Nafarroako atea —Goiko Kalean— eta Bizente Elizegi —artean jaio ez zena— kalea agertzen dira. Beste gai batzuk honakoak dira: Galtzaraborda auzoaren mende erdia, Boni Otegi aldizkariaren dinamizatzaileetako baten heriotzaren 30. urtemuga, Arkaleko batailoiak, duela ehun urteko albisteak, Errenteria Musikal Kultura Elkartearen 150. urteurrena… Hainbat errenteriarren biografiak agertzen dira, beste gauza askoren artean.
Guztira 76 artikulu daude 351 orrialdeetan. Iaz baino euskarazko artikulu daude: %24. Elebitan %8 dira, eta gaztelera hutsean %68. Egileen artean, testuen %21 idatzi dute emakumeek, %64 gizonek, %12 instituzioek eta %1 da izengoitia daramana.
Salmenta puntuak
Bihar udaletxeko arkupetan jarriko dituzte salgai Oarsoren aleak, hilaren 25era arte, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Guztira 1.200 ale inprimatu dituzte, eta bakoitzak zazpi euro balio du. Beste salmenta puntu batzuk ere izango dira: Beraungo Paco kioskoan; Rojas liburudendan (Olibet); Iztietako kioskoan, Razquin estankoan, Osina naturdendan eta Madalena gozotegian; Hostoaken, Alameda eta Morrongilleta kioskoetan, Etxenike loterian, Maitexa estankoan, Mirentxun, Xenpelar kulturdendan, Ametsen salduko dituzte erdigunean.