EAJk zazpigarren aldiz antolatu du madalenetako haurrentzako krosa, eta iaz egin bezala, aurten ere herriko kirol eragile bat omenduko dute. Hibaika Arraun Elkartea izango da hautatu duten kirol erakundea. Iaz Luis Otaño txirrindulari ohia izan zen. “Kirolari horiek gure haur eta gazteen adibide eta ispilu dira, eta haurren kros lehiaketa honetako partaideak dira eta izango dira Errenteriako oraina eta etorkizuna”, esan du Maite Peña bozeramale jeltzaleak.
EAJko Nieves Jauregi eta Maite Peña, krosa aurkezten
Hibaikakoek egindako “lan, ahalegin, eta lortutako guztiagatik omendu nahi ditugu”, gaineratu du. Horrela, hiriko arraunaren historiari errepasoa egin dio: “Lehenengo trainerua 1952an sortu zen, Lezoko eta Oiartzungo arraunlariekin batera. 1953 urtetik aurrera Kontxako estropadetan parte hartu zuen, eta 1976ra arte hainbat garaipen lortu zituzten. 1987an Hibaika sortu zen, eta 1990ean hartu zuten parte lehenengoz”. Hala ere, azken urteetan Errenteria-Oreretan estropadarekiko grina berpiztu dutela gogorarazi dute: “2010a urte historikoa izan zen, hainbat garaipen lortu zituztelako”. Haurrentzako krosa bukatzean aitortuko dizkiete lorpen guztiak, eta sariak banatzeko ardura edukiko dute.
Hiru maila krosean
Peñak jakinarazi duenez, hiru maila egongo dira krosean: txikienak (2003-2004 urteetan jaiotakoak), kimuak (2001-2002) eta Haur Mailakoak (1999-2000). 850, 1.000 eta 1.500 metro egin beharko dituzte, hurrenez hurren. Irteera 12:00etan izango da batzoki paretik (Koldo Mitxelena plaza), eta ordu erdi inguru beranduago izango da sari banaketa. “Sariak berdintasun irizpideen bitartez banatuko ditugu, neskek zein mutilek aukera berberak izan ditzaten”, adierazi dute antolatzaileek. Ondoren, luntxa egingo dute.
Jeltzaleentzako, eurek antolatzen duten krosa “erreferente” bilakatzen ari da pixkanaka. Iaz 80 haurrek hartu zuten parte. Ekitaldi horren bitartez euren ekarpena egin nahi diote madalenei, “haur eta gazteen artean ohitura osasungarriak bultzatuz eta jaietan txikientzako kirolari tartea eginez”.