Israelek Palestinaren aurka egindako erasoak gaitzesteko elkarretaratzea egingo dute bihar
Israelgo armanda Gazako zerrenda bonbardatzen ari da pasa den asteko asteartetik. Azken datuen arabera, 200dik gora dira hildakoak, eta 1.500dik gora zauritutakoak. Palestinako sendagileek, zein nazioartekoek, salatu dutenez, Israelek berun urtuko eta DIME motako lehergailuak erabili ditu erasoan. Gainera, 100.000tik gora dira etxea utzi behar izan duten palestinarrak, etxea suntsitu dietelako edota israeldarrek etxea uzteko deitu dietelako, “jomuga militarra” direlakoan, edo ondoan bizi direlako. Azpiegituratan eragindako kalteak direla eta, gainera, ur falta “larria” izan dezaketela jakinarazi dute hainbat erakundek.
Horregatik guztiagatik, herritar talde batek elkarretaratzea deitu du bihar arratsalderako. 19:00etan izango da, Gamon Zumardian, eta Oarsoaldeko herritar guztiak gonbidatu dituzte bertara joan daitezen. Palestinakoa gerra ez dela salatu dute, “baizik eta Gazako herritarrak jasotzen ari diren zigor kolektiboa”. Gainera, Israelek Nazio Batuen erresoluzioei behin eta berriro muzin egiten diela adierazi dute, eta palestinarrei lurra lapurtzen dietela koloniak eraikiz.