Nafarroako Erriberako produktuak erosteko, eta bide batez, hango euskalgintza laguntzeko —%25 bideratuko dute—, 50 euroko saskia eros daiteke. Proiektua zein Erriberako euskalgintzaren egoera azaldu zuten asteartean Errenteria-Oreretan, hitzaldi batean. Erriberako AEKko bi ikaslek bideoa grabatu zuten, propio, hitzaldirako.
http://youtu.be/7FUxSfSAkS8
Nafarroako Erriberako produktuak erosteko, eta bide batez, hango euskalgintza laguntzeko —%25 bideratuko dute—, 50 euroko saskia eros daiteke, hilaren 12ra arte.
Internet bidez, Zuketz tabernan, Amatxi kafetegian eta telefono bitartez (687 32 88 38, Antxon Aizkorreta; eta 607 71 53 54, Mikel Azkune) egin daiteke erreserba.
Pasa den asteartean egitasmoaren eta Erriberako euskalgintzaren berri eman zuten Lau Haizetararen egoitzan, elkarte horrek, Saretuzek, AEKk eta Orereta Ikastolak antolatuta. Bertan, AEKko bi ordezkari, Sortzeneko beste bat eta Errigorako bat izan ziren.
“Euskal komunitatea desagerrarazi nahi dute”
Helios del Santo AEKko kideak Nafarroako testuingurua azaldu zien bertaratu zirenei. “Nafarroan euskaraz bizi den komunitatea badago”, berretsi zuen. Nafarroako Gobernua, baina, “genozidio linguistikoa” egiten ari dela iritzi du: “Euskaraz ezin da ikasi toki askotan, eta gainera, Yolanda Barcinak duela gutxi onartu zuen euskara eskaintza murriztu nahi zutela”. Horrez gain, Osasunbidean, haur eskolekin, euskarazko hedabideekin, hizkuntza paisaiarekin eta beste zenbaitekin dauden arazoak zenbatu zituen.

Sergio Iribarren, Helios del Santo eta Alizia Iribarren
Nafarroako AEKn urtero mila lagun inguru matrikulatzen direla jakinarazi zuen Del Santok, eta duela bi urtetik hona Nafarroako Gobernuak diru laguntzarik ematen ez duela azaldu zuen. “Euskal komunitatea desagerrarazi nahi dute”, ziurtatu zuen Del Santok, “baina badago badago euskaraz bizi nahi duen herri bat”. Bere ustez, Nafarroan “aldaketa beharrezkoa da, baita euskaldunentzat ere”.
Erriberako egoera
Erriberako hiriburuan, Tuteran, bizi da Alizia Iribarren, eta bertako AEKko irakaslea da. Hegoaldeko eskualdearen lekukotza eraman zuen Lau Haizetararen egoitzara. Hiriburuan klaseak ematez gain, Alesbesen eta Zentronikon ematen dituzten euskara eskolak berak eta beste irakasle batek. 50 dituzte ikasturte honetan. “Ez dirudi kopuru oso handia denik, baina guretzeko oso pozgarria da. Ditugun ikasleek euskaraz ikasi eta komunikatu nahi dute, eta oso kontzientziatuak daude”, zehaztu du. Gainera, euskaltegitik harago euskaraz aritzeko aukerarik ia ez dutela adierazi zuen Iribarrenek.
Diru laguntza ofizialik jasotzen ez dutenez, kanpoko ekarpen ekonomikoak beso zabalik jasotzen dituzte Erriberako euskalgintzan: “Errigora proiektuak hiru egitasmo finantzatzen laguntzen du: Erriberako ikastolak, Euskaraz biz eta ikasi eta AEK. Lasaitasuna ematen digu horrek”. Horrela, Errigorari esker, beka kanpaina jarri zuten martxan, eta matrikulazioak gora egin zuen. “Positiboa da hori, baina baita ere herri bat garela irudikatzea eta euskaldunen artean harremanetan jartzea ere”, baietsi zuen Iribarrenek.
Tuterako AEKko bi ikaslek hitzaldirako grabatutako bideoa ere jarri zien entzuleei, bertako euskararen egoera buruzkoa.
“Burujabetza praktikoa”
Sortzen euskarazko hezkuntza komunitateak batzen dituen elkartea da. Bertako kidea da Sergio Iribarren. Bere esanetan, Vascuencearen Legeak ez du egungo errealitatea islatzen, eta egin nahi duten aldaketa “herri presioari” eskertu dio.

Lau Haizetararen egoitzan izan zen hitzaldia
Sortzeneko kidearen esanetan, euskarak azken urteetan “Errigorari esker hartu du indarra” Nafarroa hegoaldean. “Euskaldunak boteretzen ari dira. Burujabetzea praktikoa dela esan daiteke”, iritzi du. Hala ere, euskararen alde Euskal Herri osoan oraindik lan egin behar dela uste du, eta horretarako auzolan erraldoia proposatu dutela iragarri zuen:
Hamarratz. Horrez gain, orain arte Nafarroako “eremu ez-euskalduna” deitu izan dena “euskaraz bizi nahi duten herriak” izenez ezagutzea proposatu zuen.
“Elikadura subiranotasuna+Euskara”
Hitza hartu zuen azkena Liher Unanue Errigorako kidea izan zen. Elkartean bederatzi lagun dira, eta Euskal Herriko zazpi herrialdetan lan egiten dutela argitu zuen. Elkarteak hiru helburu ditu: elikadura subiranotasuna aurrera eramatea, euskara bultzatzea eta bi gai horiek lotzeko auzolana lantzea.
Iaz 160 herrietara iritsi ziren, eta 500 salmenta puntu jarri zituzten. “Aurten beste 50 bat herritara iritsiko gara, ziurrenik”, zehaztu zuen. Udazkeneko kanpainan jasotako diruaren laurdena euskalgintzari bideratzen zaiola berretsi zuen, eta udaberrikoa nekazarientzako dela, bitartekaririk gabe.