Andonaegiko zelaiaren belar artifiziala aldatuko dute
Lanak bihar hasiko dira; futbolean jokatzeko ez ezik, belar hockeyan aritzeko ere balioko duen belar mota jarriko dute; Bide batez, Azkueneko kirol pistaren lurra berrituko dute; altuera motzeko belar artifiziala izango du zelai eraberrituak.
Bost asteko iraupena izango dute zelai eraberritzeko lanek, betiere eguraldiak laguntzen badu. Pasaiako Udalak finantzatuko ditu lanak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz. Lanek 138.183,33 euroko aurrekontua dute, eta Fieldturf Poligras enpresak egingo ditu.
Udalak jakinarazi duenez jarriko duten belar artifizial berria espresuki Andonaegiko zelairako diseinatutakoa da. Belar hockeyrako eta futbolerako balioko duen belarra diseinatzeko eskatu diote enpresari, eta zehaztu dutenez, frogak egiten aritu dira, belarraren zoruak behar duen hondar eta kautxu portzentajea egokia izan dezan. Belarrak 40 milimetroko luzera izango du.
Bestelako berritze lanak
Belarra ez ezik, ureztatze-sistema ere aldatuko dute, joko-zelaitik ateratzeko. Horrez gain, futbol 11ko bi ateak aldatuko dituzte, ate finkoen ordez, ate eramangarriak jartzeko, beharra dagoenean erraz aldatu ahal izateko moduan. Hockeyan jokatzeko ateak ere berriak jarriko dituzte. Halaber, harmailetan, plastikozko aulkiak jarriko dituzte egungo porlanezko harmailen gainean.
Azkueneko pistan ere belar artifiziala jarriko dute. Zehazki zentimetro bateko belar artifizial urdina jarriko dutela iragarri duten. Pistak berritu ondoren, erabilera areagotzea da udalaren asmoa. Egunez pista zabalik egongo dela zehaztu dute, edonork erabili ahal izateko. Gauez, berriz, pistako atea ixtea aurreikusi dute.
Lanak bitartean lekualdaketak
Gaur egun 20 talde inguruk erabiltzen dute Andonaegiko zelaia. Talde horiek guztiek beste zelai batzuk erabili beharko dituzte lanak bukatu bitartean. Futbol talde nagusiek Don Boscoko futbol zelaia erabiliko dute eta Lezoko Plazeta edota Errenteriako Beraun eta Fanderia ere erabili ahal izango dituzte. Futbol taldeetako maila txikietako jokalariak, berriz, Aranederreko pistetan, frontoian edota, lanen arabera, Azkueneko pistetan entrenatu ahal izango dira. Azkenik, belar hockeyko taldeek Donostiako instalazioak erabiltzen jarraituko dute, Andonaegiko lanak bukatu artean.
Belar artifiziala jarriko duen enpresak, gainera, bost urtez hartuko ditu bere gain zelaiaren mantentze-lanak.