Anfibioentzat urmaela sortu du Aranzadik Lezon, Olatzar errekaren ertzean eta baita horientzako gordelekuak egokitu ere.
Agirre Mauleon, Zabalo eta Garin
Ur igel arrunta (Pelophylax perezi) anfibioa, eta hegoaldeko suge leuna (Coronella girondica) eta Eskulapio sugea (Zamenis longissimus) narrasti espezieak aurkitu ditu Aranzadik Lezon. Izendatu gabe zeuden espezie horiek udalerrian orain arte, eta hori izan da udala eta zientzia elkartearen arteko elkarlanaren emaitzetako bat. Eskulapio sugea Euskal Autonomi Erkidegoko Espezie Mehatxatuen Zerrendan interes bereziko espezie moduan sailkatuta dago. Elkarlanaren bigarren emaitza, anfibioentzat bigarren habitata berreskuratu dutela da.
Olatzar errekaren ertzean, baratza parkearen parean berreskuratutako urmaelaren ondoan egin dute agerraldia gaur goizean Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak, Ion Garin Aranzadiko Herpetologia saileko ikerlariak eta Juantxo Agirre Mauleon zientzia elkarteko Idazkari Nagusiak. Udala eta Aranzadi elkarlanean ari direla esan du Zabalok Lezoko anfibio eta narrasti espezieen egoera hobetzeko eta horretarako hainbat ekimen abiatu dituztela 2014. urtean. Landa eremuan udalerriko anfibio eta narrastien inbentarioa eguneratzeko laginketa egin da batetik, eta habitata berreskuratu bestetik.
Ekimenak hiru atal dituela zehaztu du Garinek: “kontserbaziorako garrantzitsuak dira hiru atal. Lehena ikerketarena litzateke, bigarrena kudeaketa da eta hirugarrena eta azkena difusioarena. Datorren urtean egingo dugu azken hori. ”
Anfibio mailan udalerrian ikerketa gutxi zeudela ikusi dutela gaineratu du Aranzadiko Herpetologia Saileko ikerlariak: “Aurten egin dira ikerketa horiek anfibio eta narrastiak bilatzeko eta horretarako lagindu egin ditugu hezegune eta errekastoak anfibioen kasuan eta narrastien kasuan, lurreko habitat ohikoak, basoak, eskaiak eta landa eremua, Lezon oso garrantzitsua dena”.
135 laginketa egin ditu guztira Aranzadik: 52 anfibioentzat eta 83 narrastientzat. Eta guztira 13 espezie aurkitu ditu, lau anfibio mota eta bederatzi narrasti espezie.
Urmaelean jarritako panela
Anfibioentzat putzua eta gordelekuak
San Pedro auzoan egokitu duten urmaelak anfibioentzat izugarrizko garrantzia duela esan du Garinek:” Sortu berri den habitatean dagoeneko zenbait burruntzi (Gomphus vulgatissimus) ikusi dira, baina denbora beharko da bere balio naturala berreskuratu eta espezie gehiago gerturatzeko. Espero dugu udaberri aldera zenbait espeziek urmael hau ugal putzu gisa erabiltzea, uhandre palmatuak (lissotriton helveticus), txantxiku arruntak (Alytes obstetricans) edota ur igel arruntak (Pelophylax perezi), besteak beste”. Putzuarekin batera, horren inguruan anfibioentzat gordelekuak egokitu dituzte eta guztia hesiz babestu.
Hezegune falta omen da arazo nagusietako bat Lezon. “Jaizkibelgo aldean lur zorua oso porotsua denez ura berehala filtratzen da eta oso hezegune gutxi sortzen da denbora tarte luzean mantentzeko. Anfibioek bi hiru hilabete behar izaten dituzte ugaltzeko”, azaldu du Aranzadiko ikerlariak.
San Pedro auzokoa, udalak berreskuratzen duen bigarren urmaela da -Jaizkibelen berreskuratu zuen lehena 2009. urtean- . Putzu horretan zein espezie aurki daitezken eta bete beharreko arauak biltzen dituen panela jarri dute.
Ekizaintza akordioa
Datorren urteari begira hainbat ekintza aurreikusten dituztela zehaztu bestalde, Garinek: “Putzura bisita gidatuak egingo ditugu baratzen erabiltzaileekin eta ikasleekin, hitzaldia antolatuko dugu proiektuaren berri emateko eta azkenik, auzolan eguna antolatuko dugu putzuaren inguruan landaketak egiteko”. Horrekin batera, espezien zerrenda osatzeko eta Schreiber muskerra bilatzeko laginketa gehiago egingo dituela Aranzadik udara partean azaldu dute.
Olatzar errekaren pareko urmaela
Aranzadirekin hitzarmena orain bi aste sinatu zuen Lezoko udalak eta horren arabera, orain arte sortutako bi putzuen jarraipena hartuko du bere gain zientzia elkarteak eta beste urmael bat egiteko konpromezua Jaizkibelen. Egitasmoak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailaren 14.800 euroko laguntza jaso du.