Asteartean kalera irteteko deia egin du Txingudi Antisexista plataformak, 19:30ean Zabaltza plazatik irtengo den manifestazioan parte hartzeko; Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko egunaren harira egin dute deialdia.
TASen agerraldia A25era begira
Asteartean Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna da, eta Txingudi Antisexista plataforman biltzen diren 22 eragilek manifestazioa deitu dute, “indarkeriak Euskal Herrian eta mundu osoan zehar benetan arazo larria” izaten jarraitzen duela salatzeko. Gogoratu dutenez, aurten, Euskal Herrian dagoeneko hiru dira indarkeria patriarkalaren ondorioz eraildako emakumeak, eta soilik Hondarribian irailetik hona bi elkarretaratze egin behar izan dituztela gogoratu dute.
“Indarkeria sexista egiturazko arazo bat den heinean”, hura borrokatzeko “erantzuna ezinbestean egiturazkoa” behar dutela berretsi dute, eta “egun indarrean dauden legeak eta neurriak indarkeria patriarkalarekin amaitzeko nahikoak ez direla gogoratu” dute.
Horregatik guztiagatik, “nazkatuta” daudela ozen esan, eta asteartean kalera irteteko deia egin dute. Eraso bat gertatzen den bakoiztean mobilizatzen jarraituko dutela berretsi dute, eta TAS plataforman biltzen diren mota guztietako 22 eragilek jarduera berezia antolatu dutela iragarri. Horren berri asteartean bertan emango dute.