'Isiltasunaren ahotsa' taularatuko dute Lizeoko ikasleek Albaolan
Dantza garaikideko ikuskizuna da, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek sortutakoa, Five days to dance dokumentalean proposatzen duten tailerrean oinarrituta; Ikuskak proposatuta sortu dute koreografia Lizeoko ikasleek, eta proiektuak Albaolaren, Donostia 2016 eta udalaren laguntza jaso du. Emanaldia igande eguerdian izango da.
Aste osoa eman dute Pasaia Lezo Lizeoko 50 ikasle inguruk igandean Albaolan aurkeztuko duten koreografia lantzen. Wilfried Van Poppel (Holanda) eta Amaya Lubeigt (Donostia) dantzariak zuzenduta aritu dira lanean, Five days to dance dokumentalean proposatzen den tailer bera ikastolara eramanda. Emaitza igandean ikusi ahal izango da lehenbizikoz, Albaolan, 12:00etatik aurrera.
Landu duten koreografiak 25 minutuko iraupena du eta giza baloreetan oinarrituta dago, munduko haur eta nerabe askok gaur gaurkoz oraindik pairatzen duten esklabotza salatzeko.