PSE-EEk Bou Nabarra aparkalekuaren kudeaketa kritikatu du
San Pedroko aparkalekuaren auzia EH Bilduren porrotaren erakusgarri da Pasaiako sozialisten ustez.
PSE-EEk salatu duenez, uda aurretik jakinarazi zion udal gobernu taldeak Bou Nabarra plaza azpiko aparkalekuaren hirugarren solairua bere gain hartu eta errotazio aparkaleku sistema ezarriko zutela bertan. Arraunlari kaleko aparkalekuak egoiliarrentzat gordetzearekin batera aurreikusi zuen gobernuak aipatu neurria, beti ere sozialisten arabera.
Bada, orain PSE-EEk jakin duenez, ez da egon aparkalekua eskuratu ahal izateko lizitaziorik, eta urte honetan ez dela errotazio sistemako aparkalekurik ezarriko iragarri dute. PSE-EEren arabera, San Pedroko aparkalekuaren kudeaketa “udal gobernuaren porrot handienetakoa izan da”. “Bilduk orain dela bi urte iragarri zuen mugikortasun eta aparkaleku plana udalerri osoarentzat, eta aipatu plana gaur gaurkoz ez dakigu ezer”, kexu dira sozialistak.
“Utzikeria, planifikaziorik eza eta irizpide falta” egozten dizkio PSE-EEk gobernu taldeari.