Koalizioak dio "zur eta lur" geratu direla EAJren bozeramaile Nahikari Oterminek udalari "ordenantzak ez betetzeko eskatu" diolako; EH Bilduk nabarmendu duenez "PPrekin batera EAJ da herriko kaleetan zaborra edozein lekutan uztea publikoki salatu ez duen alderdi bakarra", eta "egoera tamalgarria" zuzentze aldera gobernu taldeak hartu dituen neurriekin bat datozela argitu dute.
EH Bilduk jakinarazi duenez, atez atekoaren alde egon gabe ere, “asko dira herriko kaleetan zakar poltsak lurrean botata ikusteaz erabat aspertuta, neurriak hartzeko” eskatzen aritu diren herritarrak, eta EH Bilduk eskaera horiekin bat egiten duela nabarmendu dute. Zentzu horretan, “gobernu taldeak egoera tamalgarri hori ekiditeko hartu dituen eta hartu ditzakeen neurriak babesten” dituela adierazi du koalizioak. Aitzitik, gobernu taldeak herritarrek zakar poltsak lurrean utz dezaten saiheste aldera hartutako neurriak kritikatu berri ditu
EAJk prentsa ohar bidez.
Bide batez, EH Bilduk “herriko benetako arazoekin kezkatzeko” eskatu dio Otermini, eta beren alderdiaren ardurapean dauden gaietan inplikatzeko eskatu diote. Hala, Pasaian DBHaren eskaintza publikoa lortzearen alde, edota kaiko Herrera liberatzeko lan egin dezan eskatu diote. “Honetan ere, Oterminek badu zer esanik, Pasaiako Portuko Kontseilari eta portuko lehendakariaren alderdikide den heinean”, gaineratu dute. “Portuaren interesak defendatzen jarraitu ordez, berak ordezkatzen duen herriaren interesak defendatzen” hasteko eskatu diote.