Erraldoien eta buruhandien pasiozko begirada, erakusketa batean Xenpelar Etxean
Jose Luis Insaustik bere bilduma ikusgai jarriko du hilaren 18tik urtarrilaren 4ra arte.
Jose Luis Insausti Urigoitia errenteriarraren miniaturazko erraldoi eta buruhandiekin, erakusketa zabalduko dute Xenpelar Etxean hilaren 18an. Urtarrilaren 4ra egongo da zabalik, egunero abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik, 17:00etatik 20:00etara. Bertan, Insaustik bere bilduma pertsonalean dituen erraldoi eta buruhandien 250 bat figura izango dira ikusteko, 200 bat argazkirekin batera. Haiek ere pasioz begiratzen gaituzte du izenburu mostrak.
Gaur eman du egitasmoaren berri Insaustik. Pasioa behin baino gehiagotan aipatu du, berea duen afizioaz mintzo denean, baita Gorka bilobak erraldoi eta buruhandien munduarekin duen harremanaz mintzo denean, “haren begiradak asko esaten dit. Nire bilobak, haur guztiek bezala, pasioz begiratzen diete erraldoi eta buruhandiei. Baita haiek haurrak ere. Haurren bihotz zintzo eta sentimendu gardenak adierazten du erraldoi eta buruhandiak, ematen dutena baino askoz gehiago direla. Herri baten ezaugarri dira”.
Azalduko dituen figuren artean Kataluniako nahiz Granadako jatorria duten hainbat nabarmendu ditu erakusketaren egileak. Eta azaldu duenez, erakusketa beste hainbat tokitan jartzea eskatu badiote ere, “Burgosen, Valentzian, Bartzelonan eta Granadan kasu”, lehen aldiz erakusketa bere herrian, Errenteria-Oreretan, jarri nahi izan duela aitortu du. “Horren harira eskertu nahiko nituzte Errenteriako Udaleko Kultura Saila, baita Xenpelar Etxeko arduradun Juncal Garcia ere”.
1990an ezagutzen hasi zen erraldoi eta buruhandien mundua Jose Luis Insausti. Ordutik, bere afizioa gora eta gora joan da, eta 1998an, esaterako, herriko festetako erraldoien lehen kontzentrazioaren antolatzaile izan zen. Gainera, gaiaren gaineko hainbat argitalpen plazaratu ditu, figurez osatutako ondarea elikatzen joan den bitartean urte hauetan guzietan.