2010-2011 ikasturtean, urria eta azaroaren artean, lehen froga egin zen. Iazko azaroan iragarri zuen Errenteriako Udalak Ekolapikon sartuko zuela, eta egun 80 menu prestatzen dituzte egunero, jakien %80k jatorri ekologikoa duela.
Ekolapiko proiektuak Gipuzkoako haurtzaindegietan eta lehen eta bigarren hezkuntzetako ikastetxeetan menu “ekologikoak, osasuntsuak eta orekatuak” jartzea du helburu. Gaur goizean irudikatu dute Alabergako Uztargi haur eskolan egitasmo hori martxan jartzeko hitzarmenaren sinadura.
Uztargi haur eskola Ekolapikon sartu da
Biolurreko presidente Mirian Arrizabalagak adierazi duenez, Ekolapikok, dieta mota hori ezartzeaz gain, “kontsumoaren kulturaren aldaketarekin, lurraldearen anolamenduarekin eta nekazaritzaren eta abelzaintzaren landa garapenarekin du zerikusia”. Horrela, Ekolapikoren menua ezarri aurretik, “aurkezpena, menuaren edo cateringaren diagnosia eta gainkostua” kalkulatzen dute. “Orduan esperientzia pilotua jartzen dugu martxan”, adierazi du Arrizabalagak “eta eskoletako agente guztiekin harremanetan jartzen gara, aurrera egiten duen ikusteko”. Horrekin batera, elikadurari buruzko hitzaldiak, gurasoentzako sukaldaritza ikastaroak eta baserrietara bisitak egiten dituzte.
Denera zortzi haur eskola eta aterpetxe batu dira proiektura. Egunero 800 menu egiten dituzte, Gipuzkoako hamabi ekoizlek hornituta. Nafarroako beste hainbati ere erosten dizkiete produktuak, herrialdean ez badaude.
Irune Balentziaga Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, 2010 urtean hasi ziren diagnosia egiten, Behemendi Landa-Garapenerako Elkartearekin batera. “Oinarri ekologikoko janari baterako trantsizioa prestatu nahi zen”, gogorarazi dute. “2010-2011 ikasturtean, urria eta azaroaren artean, lehen froga egin zen, eta emaitza oso baikorra izan zen”, gaineratu du zinegotziak. Iazko azaroan iragarri zuen Errenteriako Udalak Ekolapikon sartuko zuela, eta egun 80 menu prestatzen dituzte, jakien %80k jatorri ekologikoa duela. Sukaldariaren eta ikasleen gurasoen jarrera ona izan dela baietsi dute.
“Lehen sektorea laguntzeko”
Behemendi elkarteko teknikari Mikel Zendoiak adierazi duenez, diagnosia egitean, bere elkartearekin harremanetan jartzen dira menuaren aldaketak errazteko bidean. “Kontsumo moduak aldatzea batzuetan zaila da”, zehaztu du. Nabarmendu duenez, tokian tokiko landa garapen elkarteak laguntzen du zeregin horretan.
Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, Ekolapiko proiektuarekin bat egin dute “ibilbide duelako, eta izango duelako”. Gainera, dieta osasuntsuak sustatzeaz gain, “beste modu bateko lurralde antolaketa bat nahi dugulako babesten dugu proiektua”. Lehen sektorea garatzen laguntzeko “beti prest” daudela jakinarazi du, eta Uztargi haur eskolari eskerrak eman dizkio.