Nagusien kategorian 1.000 korrikalarira iritsi nahi du Errenteria Atletismo Taldeak. Izen emate bakoitzeko euro bat Juneren Hegoak elkartearentzat izango da.
EATko, udaleko eta Juneren Hegoak-eko ordezkariak, lasterketaren aurkezpenean.
Urteroko zitari jarraituz, hilaren 31rako San Silbestre lasterketa antolatu du Errenteria Atletismo Taldeak (EAT), hamabigarrenez. Inoiz baino parte hartzaileagoa izan nahi du aurten, gainera. Izan ere, helduetan 1.000 korrikalari bildu nahi dituzte, eta haurretan, 500. Eta helburu solidarioa izango du aurtengo lasterketak: inskripzio bakoitzetik euro bat Juneren Hegoak elkartearentzat izango da. Aurreko ostiralean aurkeztu zuten helduentzat zazpi kilometrokoa izango den proba, EATko eta Juneren Hegoak-eko eta udaleko kideak bertan zirela.
Helduetan, banakako izen emateaz gain, taldekako lasterketa indartu nahi dute. Taldeek bost kidekoak izan behar dute (mistoak izan daitezke), eta horren helburua da taldeko kideak elkarrekin korrika joatea; talde bakoitzak dortsal pertsonalizatua izango du, eta izena ematen duten lehen 100 lagunek mauka luzeko kamiseta berezia izango dute.
Jada izena emateko aukera badago,
EATren webgunearen bitartez. Bertan, probari buruzko xehetasun guztiak ere ikus daitezke.
Datu teknikoak
Esan bezala, helduen karrera 7.000 metrokoa da. Nafarroa etorbidetik irtengo den ibilbideari bi buelta eman beharko dizkiote parte hartzaileek. Izena eman dutenek, dortsala eta txipa jaso behar dituzte. Hori, abenduaren 30ean egin daiteke Galtzarabordako kiroldegian, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Lasterketaren egunean bertan ere jaso daitezke txipa eta dortsala, goizez Galtzarabordako kiroldegian (10:00-13:00), eta arratsaldez udaletxeko arkupetan (15:30-16:30). 17:00etan hasiko da helduen proba. Eta kontsigna zerbitzua izango da lasterketaren egunean, udaletxean, 15:30etik aurrera. Baita dutxak ere, EATren egoitzan (Nafarroa etorbidea 11-13). Banaka apuntatzeak 12 euroko kostua du, eta taldeko inskripzioa 60 eurokoa da.
Haurren lasterketa ere izango dira, nola ez. Helduenaren aurretik, ondorengo hurrenkeran:
- 16:30ean, San Silbestre Txikia Kimu Mailako korrikalariekin (2005-2006 urteetan jaiotakoak).
- 16:40ean, Alebinen Mailako lasterketa (2003-2004 urteetan jaiotakoak).
- 16:50ean, infantilak eta kadeteak (1999-2000-2001 eta 2002 urteetan jaiotakoak).