Talde ekologistak esan du hiru alderdiek hiritarren parte hartzeari buruz duten kontzeptua argi geratu dela Errenteria-Oreretako Ingurumen Aholkularitza Kontseiluan hartutako erabakiaren ondoren.
Talde ekologistak esan du hiru alderdiek hiritarren parte hartzeari buruz duten kontzeptua argi geratu dela Errenteria-Oreretako
Ingurumen Aholkularitza Kontseiluan hartutako erabakiaren ondoren. “Deigarria da ustez alde garrantzitsuak dituzten alderdiek gai horretan bat egitea. Ala herritarren parte hartzeari dagokionez, proiektu bera al dute?”, galdetu dute.
“Tamalgarria da herritarren ordezkaritza zabal eta anitza jasotzen duen kontseilu bat erabiltzea”, salatu dute. Eguzkiren ustez, proposatutako aldaketek funtzionamendu hobea ekarriko zuketen, “baina jarrera oztopatzailea hartu dute, nahiz eta eurek onartu duten aldaketa proposamenak hoberako zirela”. Moldaketa horiek azaroko bileran onartu zituzten, eta adierazi dutenez, Maite Peña jeltzalea eta Joseba Echarte zinegotzi sozialista ez ziren bertan izan. “Moldaketak onartu ziren bileran ez zuten parte hartu, eta horrez gain, proposamenak landu ziren bileretan izateari uko egin zioten. Orain, gainera, esaten dute arautegi berriak ez duela aurrekoa hobetzen eta parte hartzea ez dela espero zitekeena”, gaineratu dute.
Jarrera hori “begirunerik gabekoa” dela iritzi dute, eta alderdi horiei “makillajea kentzen” diela. “Kastak ez du uzten herritarrek eztabaida politikoan parte hartzen, ezta maila hurbilenean ere. Euren botere kuota mantendu nahi dute, boteretsuenei mesede egiten dien politikak aurrera eramateko. Komisio mamitsuak lortzen dituzte horrela”, esan dute.
“Lau urtean behin botoa ematea, parte hartze organo mugatuak eta zulo beltz batean galtzen diren iradokizun postontziak jartzea da alderdi horien eredu parte hartzailea, zokoratu egiten gaituen eredua”, gaineratu du talde ekologistak.