Udalerria hobetzea eta herritarren bizi kalitatea zein ongizatea bermatzea helburu izango dituztela esan du Maite Peña
EAJren hautagaiak
EAJk udal hauteskundeetan jasotako babesa eskertu du euren alkategai Maite Peñak. Botoa eman dieten 2.725 herritarrei eskerrak eman dizkie, eta aurreko hauteskundeekin alderatuta, ia 500 boto igotzearekin pozik daudela ziurtatu du. “Hitzematen dut dedikazioz jarraituko dugula guztiontzat Errenteria hobea lortzeko”, gaineratu du zerrendaburu jeltzaleak.
Bere lan taldearekin batera, udalean “lan zorrotza eta eraikitzailea egiten jarraituko” dutela adierazi dute. Horrez gain, Zure Errenteria iniziatibari egindako ekarpenak nabarmendu dituzte, eta babesa eta laguntza ere eskertu dituzte. Ekarpen horiekin, —”herritarrekin elkarlanean”—, errealitateari eta herritarren beharrei “erantzun” ahal izan dietela esan dute, baita programa osatu ere. Gainera, iradokizunak kontuan hartuko dituzte udalera eramateko. Peñak jakinarazi du kezka, kexa eta iradokizunak jasotzen jarraituko dutela, bai udaletxeko bulegoan, baita Internet bidez ere,
facebooken zein
e-postaz.
Azkenik, Peñak esan du egungo testuinguruan, “beharrezkoa da Udalbatza berriarentzat tokiko ekonomia suspertzea eta enplegu sorrera bultzatzea”. Horregatik, jeltzaleek udalerriaren zein errenteriarren alde lan egingo dutela baietsi dute, “behar duen bultzada eman eta herritarren ongizate eta bizi kalitatea bermatzeko”.