Bi milioi euro inbertituko dituzte eskualdean; asteartean 61 proposamenen artean hautaketa egingo dute
Iaz ere aurrekontu parte hartzaileak landu zituzten
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako aurrekontuen parte hartze prozesuak aurrera jarraitzen du. Oarsoaldean bi milioi non inbertitu erabakitzen ari dira herritarrak, eta apirila eta maiatzean 93 proposamen jaso dituzte, bileretan, Internet bidez edo postontzietan.
Proposamen horiek aztertu ondoren, galbahetik pasatu dute, baldintzak betetzen ez dituzten proposamenak bazterrean uzteko. Bi ziren baldintzak: aldundiaren eskumenekoa izatea eta herri bat baino gehiagotan eragina izatea. Beste proposamen batzuk elkartu egin dira, gaia berbera zelako. Horrela, 61 proposamenen artean hauta dezakete herritarrek, eta guztira hamarri emango zaie lehentasuna.
Honako gaietan sailkatuta egongo dira proposamenak: berrikuntza eta jakintzaren sustapena; landa garapena, mendiak eta habitatak; berdintasuna, parte hartzea, euskara eta garapenerako lankidetza; gizarte politika; ingurumena; kultura, gazteria eta kirola; mugikortasuna eta bide azpiegiturak.
Hamar gaiak hautatzeko batzarra asteartean izango da, 18:00etatik aurrera, Xenpelar Etxean. Bertara, Errenteria-Oreretako, Oiartzungo, Lezoko eta Pasaiako herritarrak joan daitezke. Proposamenak hautatuta, aldundiari bidaliko dizkiete, bideragarritasuna azter dezaten.