Intxixu Trailek antolatu du lasterketa, Garagardo Azokarekin bat eginez. Motza izango da, baina gogorra.
Urkabe mendia.
Lasterketa “motz baina esplosiboa” antolatu du Intxixu Trail-Girizia Mendi Lasterketa Taldeak datorren larunbaterako,
Garagardo Azoka dagoela aprobetxatuz. Urkabeko I. Igoera egingo dute, Gaetxe eta Oiartzungo kaskotik hurbilen dagoen mendia lotuko dituen ibilbidearekin. Guztira, 1.600 metroko ibilbidea izango da.
Hasiera ofiziala 17:30en bidegorriaren ondotik izango bada ere, 191 metroko irteera neutralizatua egingo dute 10-15 minutu lehenago Elorsoro kiroldegitik. Izena emateko Interneteko
ohiko webgunean egin daiteke, bost euroren truke. Egunean bertan inskripzioa egin nahi duenak, Elorsoro kiroldegitik pasa beharko du, larunbatean bertan, 16:30etik 17:00etara. Prezioa, kasu horretan, zortzi eurokoa izango da.
Izen ematearekin batera, korrikalari bakoitzari oroigarri bat emango diote, eta bukaerako luntxean indarrak hartzeko zein Elorsoroko dutxak erabiltzeko eskubidea izango dute. Irteeran, gainera, poltsa utzi ahal izango dute, gero helmugan jasotzeko. Asegurua ere estaltzen du prezioak.
Sari banaketa 19:00etan izango da, Done Eztebe plazan. Irabazle absolutuek —gizon zein emakume— gazta erdi eta ardo botila bana jasoko dituzte. Oiartzuar onenek, berriz, Garagardo Azokan bi pertsonentzako bale bana lortuko dute.