Euskalgintza, kulturgintza, gizarte lanean aritzen diren elkarteak eta hezkuntza diruz laguntzea onartu dute, aho batez, urtarrileko plenoan.
Bozketa guztiak aho batez onartu zituzten.
Oiartzungo Udalbatzak atzo arratsean egin zuen urteko lehenengo plenoa.
11 puntuko gai zerrendari beste bi gehitu zitzaizkion, urgentziazko prozedura formalarekin.
Gai gehienek herrigintzan aritzen diren elkarte, erakunde eta eragileei aurtengo diru laguntzak ematea onartzea jorratu zuten. Horrela, euskalgintzaren esparruan, Oiartzun Irratiari eta Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneari euskararen normalizazioaren bidean egiten duten lanagatik diru laguntza ematea erabaki zuten. Euskara elkartearen kasuan, laguntza horiek Euskara elkartera, Kuadrillategi eta motibazio proiektuak egiten jarraitzeko balio dute, Ttur-ttur eta udalaren artean 2020ra arteko dagoen hitzarmena jarraituz.
Kulturari dagokionez, Margosoro —bekak banatzen laguntzeko—, Soinuenea Fundazioa eta Luberri Ikasgune Geologikoa izango dira onuradunak.
Arraztalo elkarteak gaixotasun psikikoak dituzten oiartzuarrak laguntzen ditu. Horretarako, baratzeak landu, sagardoa egin eta astero elikagaiez osatutako otarreak banatzen ditu. Horiek ere diruz lagundu dituzte.
Hezkuntzaren esparrukoak izan ziren hasierako gai zerrendan zehaztuta ez zeuden bi puntuak. Hala, Haurtzaro Ikastola ikasleko 446 euroko kopuruarekin lagunduko du udalak. Horrez gain, Urmendi Haur Eskola kudeatzen duen Ikastolen Partzuergoa 48.000 euroz lagunduko du hilero, ekainean eta abenduan izan ezik. Kasu horietan, 96.000na euroko partida bideratuko dute.
Puntu guztiak aho batez onartu zituzten EH Bildu eta EAJko zinegotziek.
Galde-eskeetan, berriz, jeltzaleen eledun Rafael Bergaretxek hondakinen batzordea noiz jarriko den martxan galdetu zion alkateari. Jexux Leonetek erantzun zion datorren astean jarriko dela martxan, eta oraindik ez zietela horren berri eman bilera edukiz betetzen ari direlako.