Agerraldia egin zuten, festetan egon daitezkeen erasoen aurrean euren jarrera zein den ezagutarazteko
Eraso sexistei erantzungo dietela jakinarazi zuten atzoko agerraldian.
Agerraldi jendetsua egin zuten atzo arratsaldean, Oiartzungo plazan, mugimendu feministak deituta. Kezka bat partekatzen dute bertan bildu zirenek: xanistebanetan egon daitezkeen eraso sexistak. Euskal Herriko hainbat festetan eraso sexistak egon dira uda hasi denetik. Atzo bildutakoek ohartarazi zuten modu irmoan erantzungo dietela, Oiartzunen halakorik gertatzen bada.
“Erasoek forma ezberdinak izan ditzakete: ukituak, irainak, txiste matxistak, piropoak, norberaren espazioa hartuz deseroso sentiaraztea… Guk argi dugu pertsona bat deseroso sentitzen den momentutik ersso bat dela, eta eraso horrek erantzun bat behar duela”, esan zuten.
Taberna eta txosnetan eskura daiteke erasotzaileak salatzeko kitak.
Horregatik, erasotzaileak seinalatu egingo dituztela jakinarazi zuten. Aurre egiteko hainbat tresna prestatu dituzte horretarako: txilibitoa, pegatinak eta
e-posta helbide bat. “Horiek ez dira aktibatuko ditugun mekanismo bakarrak izango”, azaldu zuten. “Emakumeok gure buruak ahalduntzen eta boteretzen jarraituko dugu, autodefentsa feministaz, baina jendarte osoaren lana izango da mundu parekide eta justu bat eraikitzea”, gaineratu zuten. Ildo horretan, erantzunak kolektiboa izan behar duela aldarrikatu zuten.
Erasotzailea seinalatu
Salatu dutenez, maiz gertatzen da erasotua seinalatzea, eta ez erasotzailea. “Erasotzailea markatzeaz gain, erasotuari babesa eta elkartasuna eskainiko dizkiogu lehenengo momentutik”, berretsi zuten. “Gizarte heteropatriarkalak sostengatzen du ditu eraso hauek; erasotzaileak justifikatuz, errua biktimari esleituz eta jendartea isilaraziz honen guztiaren konplize bihurtzeko”, esan zuten. Horrela, herritar bakoitzari eskatu diote erantzuteko, bai norberari gertatuz gero zein inguruan ikusten badute.
“Denok dugu xanistebanez gozatzeko ardura eta denok eroso egoteko jaiak bermatu behar ditugu guztion artean. Erasorik ez erantzunik gabe! Gora xanisteban feministak!”.