Hilaren 29an emanaldia egingo du udaletxeko areto nagusian, Remy Gachisekin batera; sarrerak ostiralean jarriko dituzte salgai
Anje Duhaldek gitarra elektrikoa alde batera utzi, eta akustikoa hartuko du Oiartzunen.
Gabonetarako ekitaldi ugari antolatu dituzte Oiartzunen. Horietako bat izango da Anje Duhaldek eskainiko duen kontzertua. Hilaren 29an izango da, udaletxeko areto nagusian, 22:00etan hasita. Oiartzungo Udalak antolatu du saio hori, eta formatu akustikoa izango du. Musikari arrangoiztarrarekin batera Remy Gachis gitarrista baionarra ariko da.
Sarrerak ostiral honetan —hilak 15— jarriko dituzte salgai. Potte eta Amazkar tabernetan eskuratu ahal izango dira, baita Elorsoro kiroldegian ere. Sarrerek zortzi euroko kostua izango dute, lehenago erosiz gero. Egunean bertan erosita, hamar euro ordaindu beharko dira.
Bestalde, hilaren 23an gospel kontzertua emango dute Done Eztebe parrokian. Moon Fields taldea ariko da bertan, 12:00etatik aurrera.